Ortuzar: “Negoziaketa Senaturaino eraman dugu Abiadura Handia Bilbora eta Gasteizera hel dadin behar den moduan eta behar den sasoian”

EBBren buruak baieztatu du EAJ-PNVk ahalegin guztiak egingo dituela aurrekontuen inguruko azken txanpan, “hemendik eta hurrengo hamar urteetan gure hiriburuentzat egingo den lanik garrantzitsuena” behar bezala egiten dela bermatzeko
30 Azaroa 2021 | EBB

OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak argi baino argiago utzi du gaur EAJ-PNVk, aurreko ekitaldietan ez bezala, zergatik erabaki duen Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziaketa Senaturaino eramatea. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, abertzaleen buruak esan du “berebizikoa” dela Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuentzat Abiadura Handiko trena sartzeko lanak “behar den moduan” egitea “ez bigarren mailakorik, ez geltoki huts batekin ere, baizik eta lur azpitik. Donostiaren kasuan proiektua %100ean adostuta dago, baina Bilbon eta Gasteizen oraindik ez daude eta, seguruenik, hiri bietan hemendik eta hamar urtera bitartean egingo diren lan publikorik garrantzitsuenak izango dira. Eta ondo egin behar dira”. Hori dela eta, EAJ-PNVk oraingo honetan erabaki du negoziaketa azkeneraino eramatea: “Topera hitzemanda gaude honekin, behar den moduan egin dadin eta behar den sasoian. Abiadura Handiko Trenari dagokionez apur bat mesfidati gaude lan honek orain arte ezagutu dituen atzerapen ulertezinengatik. Helburu handia da, eta egunotan gure esfortzu guztiak jarriko ditugu horretan. Gai honekin amaitzea nahiko genuke, oraintxe bertan: proiektuak nola egingo diren, eta ahal dela, lanak egin daitezela kudeaketa agindu baten bidez, euskal erakundeak izan gaitezen lanak kudeatuko ditugunak eta, gero, kopuru ekonomikoa Kupotik ken dezatela, AHTren Gipuzkoako zatiarekin egin den bezala, hori baita aurreratuen dagoena”.

Ortuzarri galdetu diote EH Bilduk aurrekontuen negoziaketan izan duen zereginaz eta Ezker Abertzalearen eta EAJ-PNVren artean, batzuen iritziz, nor baino nor eraginkorragoa izateko sortu den ustezko norgehiagokaz. “Hau ez da eraginkortasun kontua, baizik eta herriarentzat onak izango diren akordioak lortzen joatea. Guk egiten badugu, bikain; eta beste batzuek egiten badute, berdin”, esan du jeltzaleen buruak. Eta batak eta besteak adostu dutena baskula batean jartzea eskatu diotenean, ondorengoa izan da Ortuzarren erantzuna: “Funtsezko ezberdintasuna EH Bilduren jarreraren eta EAJren jarreraren artean, zilegitasun guztiarekin, betiere, Bildu negoziaketara doala Madrilen boteretik hurbil dagoela erakustera, ateak zabaltzen zaizkiola eta gauzak ematen zaizkiola. Baina hori da guk duela 40 urte lortu genuen zerbait. Gu Herri honentzat giltzarri diren gauzetara goaz: Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarreraren transferentzia edo trena lur azpitik sartzeko lanak… Ez dago kolorerik, baina normala da: guk hartzen dugu gure gain Gobernu zentralarekiko harremanetan Herri honen gai nagusiak negoziatzeko erantzukizuna, gu ari garelako euskal erakundeetan gobernatzen”.

Ortuzarri ere galdetu diote EPPKk egin duen eskariaz ETAko presoak pribatuan hartuak izan daitezela: “Urrats ona da, zalantzarik gabe. Albiste horiek entzutean zera pentsatzen dugu: zergatik ez da orain arte egin, horren gauza argi bat izanik? Zergatik daramagu 10-15 urte gai hau sufritzen eta eztabaidatzen eta tentsio hau sortarazten, inolako beharrik gabe lehenagotik asko sufritu duenari sufrimendu handiagoa eraginez? Urrats ona da, bai, baina berandu. Mundu horri eskatuko nioke nik hausnarketa egitea, azkenean, egin behar dutena egiten dutelako, baina oso berandu. Eman beharreko pausuak eman ditzatela. Eta hurrengoa, orain eman beharrekoa, oso oinarrizkoa da, honen guztiaren korapilo nagusia dena askatzea, alegia: ETAK ez zuela sekula existitu behar, bere ekintzekin biktimei min bidegabea eragin zietela eta gure gizarteari kalte konponezina egin zitzaiola, eta honek denak txerto gisa balio dezan euskal herritar bakar batek ere ez dezan berriro ere bide hori hartu, defendatu nahi dituen ideiak erabat zilegitzat jo arren”, erantzun du .

PARTEKATU