EBBren adierazpena Venezuelako eskualde eta udal hauteskundeen ondoren

Joan den igandean, azaroaren 21ean, Venezuelan egin ziren eskualde- eta udal-hauteskundeak esanguratsuak izan dira, bai oposizioko talde nagusiek parte hartu zutelako (azken bosturtekoan ez zuten hauteskundeetan parte hartu), bai Europar Batasunaren nazioarteko lehen behaketa-misioa izan delako azken 15 urteetan. EAJ-PNVko eurodiputatu Izaskun Bilbao Barandica hango ordezkarietako bat izan da, gainera
EBBren adierazpena Venezuelako eskualde eta udal hauteskundeen ondoren
26 Azaroa 2021 | EBB

Bi berritasun horiek Maduroren Gobernuaren eta oposizioaren arteko distentsio aldi baten hasieran kokatu behar dira; izan ere, garai horretan elkarri kontzesioak egin dizkiote, eta horren mugarririk esanguratsuena izan zen Mexikon bi aldeen artean hasitako elkarrizketa, Chavezen Gobernuak bertan behera utzi zuen elkarrizketa.

Nolanahi ere, hauteskunde horiek krisi politiko, ekonomiko eta sozial batean baitan egin dira, eta ezin dira normalizatutzat jo. PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak alderdiak duen jokabide baliatzailea dela-eta, hedabideak eta baliabide ekonomikoak ia erabat kontrolatzen ditu, erabateko gardentasuna estaltzen du; halaber, hauteskunde-prozesu demokratiko orok bermatu behar duen erabateko aukera-berdintasuna eragozten du, legitimatu eta legitimotzat hartua izan nahi badu.

Hauteskunde hauek egoera ekonomiko eta sozial lazgarrian egin dira. Venezuelarren gehiengo handi bat pobreziari aurre egiteko borrokatzen ari da gaur egun, egunero borrokatzen ari dira bizirauteko, 2012an 11.993 dolarreko per capita errenta zuen baina 1.627 dolarrera jaitsi den herrialde batean. Bake-aldian aurrekaririk ez duen krisi ekonomiko hau dela-eta, ia sei milioi venezuelarrek beren herrialdea utzi beharra izan dute; boto-eskubidea ere kendu diete.

Zalantzazko berme demokratikoen esparru horrek, oposizioaren zatiketa eramangaitzak (ordezko hautagaitza bateratu eta bideragarri bat aurkezteko gai ez dira) eta venezuelarrak jasaten ari diren pobrezia ekonomiko eta sozial mingarriek eragin dute hango gizartea gogogabetuta eta desmobilizatuta egotea; ildo horretan, hauteskunde horietan % 58ko abstentzioa izan da. PSUVk Venezuelako 23 lurralde-gobernazioetatik 20 lortu zituen, baita udalerrietako alkatetza gehienak ere, Caracas hiriburukoa barne.

Hauteskunde-prozesuari eragin dioten inguruabar horiek guztiak eta Venezuelak dituen arazo larriak kontuan hartuta, EAJ-PNVk gogoeta hauek egiten ditu:
-Bat dator nazioarteko behatzaileek egindako hauteskunde-prozesuaren ikuskapenekin, eta bereziki babesten du, Europar Batasunaren hauteskunde-behaketaren misioak egindako Atariko Adierazpenarekin. Eskualdeetako eta tokiko hauteskundeetako baldintza demokratikoei eta hauteskunde-emaitzei buruzko adierazpena da.
-Mexikon abiarazitako elkarrizketari eta negoziazioari berriz heltzearen alde dago, Norvegiaren babesarekin, alde batetik, akordio politiko eta sozial bat lortu ahal izateko venezuelarren eguneroko gabezia larriak arintze aldera, eta bestetik, ibilbide demokratiko bat adosteko. Ibilbide horren amaieran, gainera, 2024an presidentetzarako hauteskundeak egin beharko ziren, nazioarteko estandarrek eta, bereziki, Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) eskatzen dituzten berme demokratiko guztiak bilduko dituztenak.

-Nazioarteko komunitateari eta erakunde multilateralei dei egiten die -Europar Batasunari aipamen berezia eginez- herrialde honi adorea eman eta lagundu ahal diezaieten, gertutik. Izan ere, haien guztien esku-hartzea behar du Venezuelako herriari duintasuna itzuliko dion berreraikuntza instituzional eta ekonomikoaren ibilbide horretan.

PARTEKATU