Erakundeei eta gizarte zibilari Argitasun Zuzentarau bat bultzatzeko deia egin die EAJ-PNVk Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren esparruan

Self Determination Caucus taldeak Europako etorkizunaren eraikuntzan parte hartzera animatzen ditu herritarrak, Europako Argitasun Mekanismo Demokratikoa (DEMoC) sustatzeko ekarpenak eginez, CoFoEn horretarako prestatutako plataforma digitalaren bidez
24 Azaroa | EBB

EAJ-PNVk dei egin die erakundeei eta gizarte zibilari, Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren esparruan, Argitasun Zuzentarau bat bultzatzeko.

Estaturik gabeko nazioen eta Europako Argitasun Mekanismo Demokratikoa (DEMoC) delakoaren onarpenari buruzko eztabaida sustatzeko asmoz, Self Determination Caucus deiturikoa osatzen duten alderdiek gutun bat argitaratu dute herritarrei CoFoEn parte hartzeko gonbita egiteko, horretarako prestatutako plataforma digitalaren bitartez.

“Argitasun mekanismo baten sorrera bultzatzen laguntzea eskatzen dugu, prozesu horiei buruzko eztabaidak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpontzeko helburuarekin”. Josune Gorospe, Gorteek CoFoEn duten Ordezkaritzako EAJ-PNVren ordezkariak laburbildu duenez, "Jarrerak inposatu eta eztabaidak eragotzi ezin direla bermatzeko tresna bat da".

Hala, Gorospek berak ERC, Junts per Catalunya, EH Bildu eta Karl Van Lowe europarlamentariekin batera sinatutako idazkiaren arabera, deialdi honen helburua Estaturik gabeko Europako nazioetako herritarren parte-hartzea sustatzea da, autodeterminazioaren printzipioa eztabaida publikoaren parte izan dadin etorkizuneko Europaren oinarriak ezarriko dituen Konferentzian.

«Autodeterminazioaren printzipioa errespetatu eta aplikatu beharreko eskubide unibertsala da, eta horren alde borrokatzeko konpromisoa hartu dugu Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian». Baina, horretarako, zure laguntza eta babesa behar ditugu.

Sinatzaileek adierazi dute, halaber, herritarrek autodeterminazio-eskubidea baliatzeari eta Europako Argitasun Mekanismo Demokratikoa (DEMoC) sortzeari buruz egin beharreko ekarpenak Balioak eta eskubideak, Zuzenbide Estatua eta segurtasuna 'kapituluan egin behar direla, Europako Etorkizunari buruzko Konferentziaren webgunean horretarako prestatutako Plataforman.

PARTEKATU