Donostiako Loiolako kuarteleko Dibisio Urdinaren erakusketa bat kentzeko eskatu dio Estefanía Beltrán de Herediak Bolaños ministroari

Esposizioak Memoria Historikoaren Legea urratzen duela jakinarazi dio Presidentziarako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko ministroari, eta hari buruzko galdera idatzi bat aurkeztu du.
Donostiako Loiolako kuarteleko Dibisio Urdinaren erakusketa bat kentzeko eskatu dio Estefanía Beltrán de Herediak Bolaños ministroari IKUSI BIDEOA
19 Azaroa | Senatua

Estefanía Beltrán de Herediak Donostiako Loiolako kuartel militarrean Dibisio Urdinari buruz dagoen erakusketa iraunkorra “berehala kendu dezatela” eskatu dio Félix Bolaños ministroari. Presidentziatzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko ministroak Senatuan egindako agerraldian, EAJ-PNV Taldeko bozeramaileak galdetu dio “nola uztartzen den erakusketa hori eraikin publiko batean, Estatuko eraikin batean egotea 2007ko Memoria Historikoaren Legearekin”, nahiz eta urte hasieran Carmen Calvok, bere aurrekoak karguan, Gorteetan adierazi zuen kuarteletan eta instalazio militarretan dagoeneko ez zela lege horren aurkako elementurik geratzen.

Memoria Demokratikoaren Legeari dagokionez, Beltran de Heredia gerra zibilaren eta diktaduraren biktimen aitortzan, berreskurapenean eta duintasunean aurrera egitearen alde agertu da, eta horretarako, Gerra Zibileko dokumentuak desklasifikatzeko Sekretu Ofizialen Legea desblokeatuz “dokumentu-funtsak eskuratzea zailtzen duen legedia kentzeko beharra” nabarmendu du.

Gainera, ministroa Goi Ganberan izan dela aprobetxatuz, EAJ-PNVko bozeramaileak Gobernuari kritika egin dio esanez “Estatu deszentralizatu batean gutxitan ikusi dela hain kudeaketa zentralizatua” pandemiaren kudeaketan baino. “Oso bestelako kontzeptua dugu kogobernantzari buruz: Gobernantza partekatua, lankidetza eta baterako erabakia esan nahi du, eta tutoretza eta zentralizazioa besterik ez dugu ikusi; Espainiako Gobernuak erabaki eta autonomia-erkidegoek exekutatu”. Era berean, alarma-egoera kudeatzeko izan den ziurgabetasun juridikoa ere deitoratu du, auzitegi desberdinen epai desberdin eta are kontraesankorrekin, alarma-egoera bera Konstituzioaren aurkakotzat jotzeraino, eta horrek tresna juridiko berrien beharra erakusten du.

PARTEKATU