Adineko emakume askok pairatzen duten ezkutuko indarkeriaren aurrean adi egoteko eskatu dio Emakundek gizarteari

Azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta horren inguruko kanpaina egingo da
Adineko emakume askok pairatzen duten ezkutuko indarkeriaren aurrean adi egoteko eskatu dio Emakundek gizarteari
15 Azaroa | Eusko Jaurlaritza

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute azaroaren 25a, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta diseinatutako kanpaina. Emakundek 55 eta 79 urte bitarteko emakumeekin iaz egindako lanari jarraipena ematen dion kanpaina da. Lan honen bitartez urte askotan jasandako indarkeriaren benetako testigantzak eman zituzten. Kanpainak testigantza horietako batzuk erakusten ditu, eta herritarrei galdetzen die ea gai diren haien atzean ezkutatzen den indarkeria ikusteko. “Eta zuk… ikusten duzu? Adi dagoen gizarte batek soilik detektatzen du indarkeria ezkutuena” da kanpaina honen leloa, eta honen bitartez gizarteari eskatzen zaio adi egon dadila eguneroko indarkeria-egoeren aurrean, kasu askotan egoera hauek normalizatuta baitaude.

Berdintasunerako sailburuak ziurtatu duenez, emakumeen aurkako indarkeriazko jarrera asko normalizatuta egon dira, eta, askotan, biktimek berek ere ezin izan dute indarkeria gisa izendatu, nahiz eta bikotekideek gutxietsi edo askatasuna murriztu. Artolazabalen hitzetan, “emakumeen aurkako indarkeriaren arazoa luzaroan ezkutatu da normaltasun mantu baten azpian, eta normaltzat jotzen zen senarrei baimena eskatu behar izatea atzerrira joateko, lan egiteko edo kontu korronte bat irekitzeko, adibidez”. Sailburuak adierazi duenez, gainera, arazo pertsonala zen, etxekoa; eta gaur egun, ordea, gizarte-arazo bihurtu da, eta herritar guztiak gero eta sentsibilizatuago daude. Ildo horretan, adierazi du: “Administrazio publikoek indarkeria ikusarazten laguntzeko betebeharra dugu, batez ere ezkutuena, indarkeria detektatzen laguntzeko, horretan murgilduta dauden emakumeei laguntza eskaintzeko eta, gainera, indarkeria horren jatorria emakumeen eta gizonen egiturazko desberdintasunean dagoela azpimarratzeko”.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak berretsi du adineko emakumeen aurkako indarkeriak honako berezitasun hauek dituela: ikusezintasuna; autonomia ekonomikorik eza kasu gehienetan; bere garaiko gizarteak genero-indarkeria ez onartzea; gainerako pertsonak zaintzen emandako bizitza bat; eta, adierazi duen bezala, emakume adinduak askotarikoak izan arren, eta guztiek ez badiote profil konkretu bati erantzuten, haien zaurgarritasuna handiago izan daiteke adina dela eta.

Landaidak testigantzak eskainiz parte hartu duten emakumeek egin duten ekarpen baliotsua goraipatu eta eskertu du, “badakigulako ez dela batere erraza izan emakume horientzat, eta haietako guztiek beste emakume batzuei laguntzeko helburuarekin egin dutela”.

Honekin batera, haien testigantzekin eta hiritar batzuekin egindako “esperimentu sozialaren” berri eman du, emakumeen testigantzen bidez hiritarrek errazago onartu eta antzeman baitituzte inguruan halakoak ikusi dituztela inoiz.

Landaidak prozesuan zehar jasotako lekukotza batzuk ekarri ditu gogora, emakumeen testigantzak irakurriz: “Berak ez zidan inoiz eraso fisikorik egin, baina orbain batzuek denbora gehiago behar dute sendatzeko; ahoa irekitzen nuen, eta dena zegoen gaizki. Igual margotuta ateratzen nintzen eta etxera bidaltzen ninduen aurpegia garbitzera…”

Kanpaina azaroaren 15etik 30era egingo da telebistan, irratietan, egunkarietan, hedabide digitaletan eta sare sozialetan. Era berean, kartelak banatuko dira erakunde, ikastetxe, osasun zentro, elkarte, enpresa eta liburutegietan, besteak beste.

Iturria: Irekia

PARTEKATU