Ramuntxo Camblog Iparraldeko euskal abertzaletasunaren lider historikoa zendu da, 82 urte zituela

Ipar Buru Batzarraren presidente izan zen 2004tik 2007ra bitartean, Seaskaren bultzatzaile kementsua, Akitaniako Kooperatiben Elkartearen presidente, Euskaltzaindiaren akademiko eta Sabino Arana Fundazioaren patrono
Ramuntxo Camblog Iparraldeko euskal abertzaletasunaren lider historikoa zendu da, 82 urte zituela
12 Azaroa | EBB

OHARRA: Irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian

Ramuntxo Camblog, euskal abertzaletasunak Iparraldean izan zuen lider historikoa, 3 urtetan IBBren presidente eta 2001 eta 2008 urte bitartean Angleteko udalbatzako zinegotzi, zendu da 82 urte zituela. Zoritxarreko albistea ezagutzean, buru jeltzale nagusiek beren dolumin zintzoa adierazi dute abertzaletasunak Iparraldean izan duen erreferente argi eta paregabearen  galeragatik. Goian Bego Ramuntxo Camblog.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak penaz hartu du Camblongen heriotzaren berria “Abertzale, euskaltzale, ekintzailea  Ipar Euskadiren alde, baina gauza guztien gainetik,gizon ona. Ipar Buru Batzarreko Presidentea, Seaskako sortzailea, Baionako Ganbarako kidea...Bizitza oparoa izan zuen eta, berari esker, bere inguruan egon ginenok ere are oparoagoa izan genuen gurea. Goian bego Ramuntxo!"

Ramuntxo Camblog  Makean jaio zen 1939ko azaroaren 11n. Elektronikako ingeniaritza ikasi zuen lehenengo Parisen eta ondoren Angersen, elektronika, matematika eta fisika irakasle izan zen Asparrenako “Lycée technique” ikastetxean. 1969an Seaskaren fundatzaileetako bat izan zen, Iparraldeko ikastolen federakundearena. Gainerakoen artean ere zeuden Arrosa Camblog, Claire Noblia eta Manex Pagola.

Lider jeltzale hau izan zen Iparraldeko mugimendu kooperatibistaren sustatzaileetako bat, Mondragon Korporazio Kooperatiboaren ereduari jarraituz. 1974an elkarte bat sortu zuen Iparraldeko harreman kooperatibistak sustatzeko, Partzuer izenekoa, eta 1986tik 1996ra bitartean Akitaniako Kooperatiben Elkartearen presidente izan zen. Copelec kooperatibaren zuzendari gisa, Baionako Merkataritza Ganberaren kontseilari hautetsi izan zen, Euskal Herriko Garapenerako Kontseiluko kide eta Akitaniako Kontseilu ekonomiko eta sozialeko kide (1986tik 1996ra).

Hainbat idazki  eta kolaborazio idatzi zituen euskaraz, Iparraldeko egoera ekonomikoaz, Egunkaria, Herria, Lema eta Jakin  egunkari eta aldizkarietan. Ramuntxo,halaber, “Gure ekonomiaren hiru pundu” saiakeraren egile izan zen, bai eta EKE-Euskal Kultur Erakundearen, Iparraldeko kultura elkarte guztiak bateratzen duen elkartearen presidente (EKE).  

Sinesmen sendoak zituen gizasemea zen, bere inguruan eragiteko gaitasun handia zuen, ezinbesteko erreferente euskal kulturarentzat. Ez zaitugu inoiz ahaztuko Ramuntxo. Egun handira arte!

PARTEKATU