Memoriaren Egunaren kariaz gaur egin diren ekitaldi guztietan parte hartu du EAJ-PNVk

Talde jeltzaleko barne karguek eta EAJk erakundeetan dituen ordezkariek indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu dituzte gaur egin diren ekitaldi hunkigarrietan
Memoriaren Egunaren kariaz gaur egin diren ekitaldi guztietan parte hartu du EAJ-PNVk
10 Azaroa | EBB

EAJ-PNVren barne ordezkariek eta talde jeltzaleak erakundeetan dituen herri ordezkariek Memoriaren Egunaren kariaz Euskadin egin diren ekitaldi guztietan parte hartu dute gaur, zeinak indarkeriaren eta terrorismoaren biktimak gogoratzeko eta memoria elkarbizitzaren eta errespetuaren funtsezko oinarri gisa aldarrikatzeko egin baitira.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak antolatutako jardunaldiaren ekitaldi nagusia gaur goizean izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Areto Nagusian, eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan da buru. Aurtengo edizioaren goiburua, «Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko ». Bakearen aldeko konpromisoa hartu zenuten guztioi, eskerrik asko!, bakearen alde aurkeztu zineten pertsona, elkarte eta mugimenduei eskerrak eta esker ona emateko. Hori dela eta, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen ohiko presentziaz gain, aurten bizitzako uneren batean bakearen aldeko mugimenduetan parte hartu duten pertsonak gehitu dira, edo, bereziki, bakearen aldeko konpromisoa hartu dutenak. Iñigo Urkullu Lehendakariak hitza hartzean baloratu nahi izan du “euskal gizartearen gehiengo nagusiaren konpromiso zibikoa terrorismoaren kontra eta bakearen, askatasunaren eta elkarbizitzaren alde”. Ildo beretik nabarmendu duenez “kontua ez da historia berriz idaztea edo gertatutakoa gozoago agerraraztea, baina bai egin genuena balioestea”.

Zentzu berean, bi ondorio partekatu nahi izan ditu: lehena, euskal gizartearen gutxiengo bat izan zela indarkeria helburu politikoekin erabiltzeko estrategia justifikatu eta babestu zuena, oinarri soziala emanez”; eta bigarrena “euskal gizartearen gehiengo nagusiak erakutsi zuen bere konpromisoa giza eskubideekin, bizitzarekin eta pertsonen askatasunarekin”.

Lehendakariarekin batera, Gogora Institutuak deitu duen ekitaldian izan dira, EAJ-PNVren beste hainbat ordezkarirekin batera, Joseba Egibar GBBren presidentea; Bakartxo Tekeria Eusko Legebiltzarreko legebiltzarburua; Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzalea, Eider Mendoza Gipuzkoako lehen ahaldun nagusiordea; Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranz; Gogora Institutuaren zuzendari Aintzane Ezenarro; Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendari Mónica Hernando; Maribel Vaquero senataria; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrena; EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaile María Eugenia Arrizabalaga; Saioa Bandres foro ahalduna; eta Gipuzkoako erakunde eta talde politikoetako ordezkari ugari. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Jokin Bildarratz eta Bingen Zupiria sailburuak izan dira, Presidentziako idazkari nagusi Jesús Peñarekin batera.

Goizean, Lehendakaria, biktimak gogoratzeko Eusko Legebiltzarrean urtero egin ohi den ekitaldian ere izan da. Ondoan izan ditu Bakartxo Tejeria Euskal Ganberako presidente andrea eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburu Beatriz Artolazabal, besteak beste. Bertan batu direnek lore eskaintza bat egin dute eta minutu biko isilunea egin dute terrorismoaren biktima guztiak gogoratuz. Iñigo Iturrate legebiltzarkideak aldarrikatu nahi izan du indarkeriaren amaieran mugimendu bakezaleek bete zuten eginkizun erabakigarria eta berretsi egin du indarkeriaren zentzugabekeria, bai eta eragindako minaren bidegabekeria ere.
Gasteizko Udalaren ordezkaritza batek ere bat egin du Eusko Legebiltzarrak antolatu duen omenaldiarekin.Arabako hiriburuko alkate Gorka Urtaranek eta Elkartasun eta Aniztasun zinegotzi andre Miren Fernandez de Landak parte hartu dute eraikinerako sarreran egin den lore eskaintzan.

Bestalde, Bilboko Udalak Casilda Iturrizar parkea aukeratu du biktimak omentzeko ekitaldia bertan egiteko. Ekitaldian izan dira Juan Mari Aburto alkatea eta Amaia Arregi lehen alkateordea, Udalbatzarekin eta Bilboko Bake eta Bizikidetza Foroko kideekin eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin batera. Ekitaldi berean parte hartu dute EAJ-PNVren hainbat barne eta herri ordezkari , besteak beste EAJ-PNVren agintaritza nagusia izan da ,EAJren EBBko buru Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa BBBko presidentearekin eta Jon Andoni Atutxa BBBko burukidearekin batera. Halaber, Casilda Iturrizar Parkeko monolitoraino, Pergolaren ondora, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Jesus Lekerikabeaskoa jeltzaleen batzarkide-taldeko bozeramailea ere hurbildu dira.

Donostiako Udalak, Eneko Goia alkatea buru izan dela eta gainerako udal talde politikoetako kideekin batera, lore eskaintza egin du Alderdi Ederreko lorategietan terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak omentzen dituen monolitoaren aurrean.

Nafarroako Foru Parlamentuan honako erakusketa hau inauguratu da: « Bizi Beldurrik gabe, Bizi Memoriarekin ». Bertan izan da Unai Hualde Napar Buru Batzarreko eta Foru Parlamentuko presidentea.

Memoriaren Eguna 2010eko maiatzean ezarri zuten euskal erakundeek, eta azaroaren 10a aukeratu zuten ospakizun horretarako, egun horretan ez delako inoiz atentatu hilgarririk izan.

PARTEKATU