Eusko Jaurlaritzak 55 milioi euro bideratuko ditu Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria eraikitzera

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera
Eusko Jaurlaritzak 55 milioi euro bideratuko ditu Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria eraikitzera
09 Azaroa | Eusko Jaurlaritza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran Euskal Herriko Unibertsitateari dirulaguntza zuzen bat ematea onartu dela, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria egiteko lanak finantzatzeko. Onartutako kopurua 55 milioi eurokoa da eta, kopuru horri, beste 580.000 euro gehitu behar zaizkio, dagoeneko proiektua erredaktatzeko EHUri ordaindu zaizkionak. Bildarratz sailburuak nabarmendu du Euskadirentzat estrategikoa den proiektu baten aurrean gaudela, izan ere, bere ustez, “gizarte moderno eta aurreratu batek, ezinbesteko ditu etorkizuneko profesionalak behar bezala prestatzeko azpiegiturak; eta premia hori are nabarmenagoa da, Osasun kontuez ari bagara”.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria Bilbon egingo da, Basurtuko Ospitalearen ondoan. Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintzako Graduak hartuko ditu, baita Osasun Zientzien arloko master ofizialen irakaskuntza ere. Aipaturiko gradu horiez gain, Hezkuntza sailburuak nabarmendu du eraikin berrian Polo aurreratu bat ere kokatuko dela: “Osasun Zientzien Unibertsitate Prestakuntzarako, Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Polo Aurreratua”. Polo hau Ingeniaritza Biomedikoaren sektoreko enpresen berrikuntzarako ikerketa aplikatuko proiektuak garatzeko ingurunea izango da; eta patenteak eta start-up-ak jaiotzean sortutako ezagutzaren transferentziarako elementu dinamizatzailea ere bai.

Sailburuak azaldu duenez, une honetan, proiektua onartu ondoren, lanak esleitzeko fasea irekita dago. Lizitazio hau, lanekin loturiko gainerako kontratazio guztiak bezala, UPV/EHUri dagokio.

Iturria: Irekia

PARTEKATU