GDSaren osoko kudeaketa lortu du Euskal Taldeak EAErentzat eta Aurrekontu Orokorrei ez die osoko zuzenketarik aurkeztuko

Kongresuan egin den prentsaurrekoan, Aitor Esteban bozeramaileak goraipatu du parteen artean adostu den “akordio politikoa”, hemendik aurrera Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak gauzatuko dutena, eta gaineratu duenez “negoziaketa aldi berri bat irekitzen da orain”, Aurrekontuak helburu dituena
29 Urria | Kongresua

Aitor Estebanek, Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak, prentsaurrekoan iragarri du gaur Espainiako gobernuarekin adostu duen “akordio politikoa”, zeinaren bidez Gutxieneko Diru Sarrera EAEko erakundeek osorik kudeatuko baitute.

Diputatu jeltzaleak mugarri jo duen akordio honetaz esan du “albiste ona” dela euskal hiritargoarentzat, aurreko urte osoan Estatuko exekutiboak gai hori bete gabe utzi ondoren, eta gaineratu duenez akordio hau desblokeatu izanak “konfiantza berrezartzen du eta Estatuko Aurrekontu Orokorren zuzenketa partzialen negoziaketarako aldi berri bat irekitzea ahalbidetzen digute”. Estebanek azaldu bezala, akordio politiko hau Espainiako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gauzatuko dute parte biek hitzartu dituzten oinarrietatik abiatuta, EAEk prestazio hau osorik kudeatu dezan.

Horregatik, eta EAJ-PNVk hainbatetan azaldu duenaren ildo beretik, “orain arte gauzatu gabe egon diren akordioak betetzeko borondatearen inguruko ziurtasunak” jasota, Euskal Taldeak ez die Aurrekontuei osoko zuzenketarik aurkeztuko. Edozein kasutan, eta Estebanek berak azaldu bezala “aurrekontuen inguruko akordioa urrun dago oraindik”, adostu berri den akordioa eskuan, egoerari “nolabaiteko baikortasunez” begiratzeko aukera ematen den arren.

Hala, eta Euskal Taldeari “ardura dioten” gaien artean, Aitor Estebanek aipatu du AHTa euskal hiriburuetan sartzea. Esteban “itxaropentsu” agertu da “parte guztiak asebetetzeko moduko akordioa” epe laburrean lor daitekeelakoan. Zentzu honetan, bozeramaile jeltzaleak aipatu ditu Garraioetarako Estatuko Idazkariak iragan asteazkenean eginiko “adierazpen positiboak”, bai eta tartean dauden erakundeen artean hitzartu diren eta agendetan jaso diren bilerak ere.

Kontuen inguruan EAJ-PNV “kezkatzen” duten beste gai batzuk dira “EAErentzat eta NFKarentzat aurreikusitako inbertsioaren beherakada, zuzendu behar dagoena”, aurreko aurrekontuen negoziaketetan adostu ziren partidak “desagertu izana”, hauen artean trenbide azpiegitura batzuk (trenbide pasabideak), edo “garrantzi handiko proiektuak digitalizazio ekonomiko alorrean, Next Generation funtsek bilatzen dutenarekin lerrokatuta daudenak, hau da etorkizunerako ekonomiaren oinarri berriak ezartzea”.

“Espero dezagun zuzenketa partzialen bidez akordio batetara iritsi ahal izatea: Euskal Taldearen jarrera izango da, beti izan ohi den bezala, elkarrizketaren aldekoa, akordioetara iristen saiatzekoa”, amaitu du Aitor Estebanek.

PARTEKATU