Gipuzkoak 4 talentu zientifiko berri gehitu dizkio I+G ekosistemari Aldundiaren laguntzarekin

Markel Olanok eta Jabier Larrañagak bilera izan dute Fellows programako ikertzaileekin, eta guztira 489.000 euro bideratu dira programa horretara
Gipuzkoak 4 talentu zientifiko berri gehitu dizkio I+G ekosistemari Aldundiaren laguntzarekin
21 Urria | Gipuzkoa

Gipuzkoako I+G sareak goi mailako lau ikertzaile gehiago izango ditu aurten Foru Aldundiaren Fellows Gipuzkoa programari esker, zeinaren deialdia duela gutxi ebatzi den. Markel Olano diputatu nagusiak eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak lan bilera izan dute gaur Fellows programako kide berriekin eta haien ikerketa zentroetako ordezkariekin, eta, bilera horretan, haiek garatuko dituzten proiektuen edukia eta irismena zehatz-mehatz ezagutzeko aukera izan dute. 2000. urteaz geroztik, Gipuzkoako I+G+b entitateek 48 ikertzaile kontratatu dituzte Aldundiaren laguntzarekin. “Ikerkuntzaren bikaintasunaren eta talentu zientifikoaren aldeko gure apustuaren erakusgarri da Fellows. Apustu nabaria eta denboran jarraitua, lurralde lehiakor eta aurreratu baten nortasunaren ezaugarri gisa. Pandemiak indartu baino ez du egin gure uste kolektiboa zientziak eta ikerketak gure ekonomia eta ongizatea indartzeko eta etorkizun hobea eraikitzeko duten garrantziaz”, azpimarratu du Olanok.

Aldundiak ekimen horri eutsi zion iaz, pandemiaren aurrekontu-eragina gorabehera, eta aurten indartu egin du, 489.208 euroko inbertsioarekin.  Fellows programaren bitartez, nazioarte mailan garrantzia duten ikerketa taldeetan esperientzia duten eta doktoratu osteko formazioa jaso duten ikertzaileak sartu nahi dira Gipuzkoako ikerketa taldeetan, horien bikaintasun zientifikoa indartzeko. Bi jarduketa lerro ditu: batetik, talentudunak erakartzea, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Gipuzkoako zentroetan integra daitezen; eta, bestetik, talentudunei eustea, talde horietan gehienez hiru urtez jarrai dezaten. Aldundiak ikertzailearen lehenengo urteko kontratazio gastuen % 100 finantzatuko du,  gastu horien % 80 bigarren urtean, eta % 70 hirugarren urtean; horrela, ikerketa lanek denbora luzeago batez jarrai dezaten ahalbidetuko da.

Horrela, lau talentu berri gehitzeaz gain, Aldundiak aurreko deialdietan programan parte hartu duten beste bederatzi ikertzaileri laguntzen die aurten; beraz, une honetan 13 ikertzaile daude Fellows programaren bidez finantzatuta, eta horietatik 5 emakumeak dira. Bikaintasun zientifikoaz, esperientziaz eta nazioarteko prestakuntzaz gain, kontuan hartzen da pertsona horiek Euskal Herriarekin duten lotura eta, halaber, irizpideak sartzen dira eremu horretan oraindik dagoen genero-arrakalari aurre egiteko. 

Diputatu nagusiak ikerketa-lan horren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi duenez “potentzial handiko sektoreetan garatzen da, Gipuzkoako apustu estrategikoekin erabat lerrokatuta, hala nola biozientzietan eta osasun arloan, eraldaketa industrialean, energiaren biltegiratzean eta klima aldaketan. Denboran iraun duen lankidetzari esker, I+G+b ekosistema indartsua finkatu dugu, start up-ek, enpresek, unibertsitateek eta erreferentziazko ikerketa zentroek osatutako ekosistema, hain zuzen, eta gure etorkizun ekonomiko eta sozialean eragin handiena duten arloetara ahaleginak bideratzeko gai izan behar dugu, horrek susperraldia bizkortzea ahalbidetuko baitu”.

Ildo beretik jo du Jabier Larrañagak eta gogorarazi duenez, “Gipuzkoak I+Grako bideratzen dituen baliabideen mailak EBkoa gainditzen du BPGaren gastuaren ehunekoan (% 2,4 eta % 2,2, hurrenez hurren), eta dedikazio osoan enplegatutako I+Gko langileen gastuaren ehunekoan (% 2,4 eta % 1,4, hurrenez hurren). Gipuzkoaren posizio ona are nabarmenagoa da konparazioa eskualdeen artean egiten bada, horien I+Gko gastuaren batez bestekoa % 1,4koa baita. Baina gure asmoa da herrialde aurreratuenetako mailetara hurbiltzea, eta horrek etengabeko ahalegina eskatzen du Fellows eta antzeko programen eskutik”.

PARTEKATU