Euskal Taldea “kezkatuta” `Elikadura Katearen Legeak´ esnekien eta harakintza sektorerako ekarriko dituen ondorioengatik

EAJ-PNVk Maroto ministroari “erantzun bizkorrak” eskatu dizkio automobilgintza sektorearentzat, eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ministro Pilar Alegríari erreklamatu dio “denbora, zehaztasuna, analisia eta seriotasuna” aintzat har ditzala Lehen eta Bigarren Hezkuntzako curriculumak garatzerako orduan
05 Urria | Berria

Juan Carlos Medinak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura gaietarako Batzordeko bozeramaileak, Planas ministroari talde jeltzalearen kezka adierazi dio, eta galdetu dio `Elikadura Katearen legeak´ berrikitan Diputatuen Kongresuan izapidetu denak, behi-azienden abeltzainen “egoera kritikoa” nola konponduko duen. Pentsuen, energiaren eta nekazaritzarako gasolioaren prezioa berrikitan igo izanak abeltzainen jarduna are zailago bihurtu du,sektorea derrigortuta baitago produktuen salneurri berberekin jarraitzera. 

Hitza hartu duenean, Medinak nekazaritza ministro andreari azaldu dio abeltzaintza sektoreko hainbat erakundek beren haserrea adierazi dutela sektorearen iraunkortasun ezagatik eta, banaketa-enpresekin batera “lehenengo urratsak” ematen hasi direla, esate baterako esne litroari 60 zentimoko gutxieneko prezioa  ezarriz. Hala eta guztiz ere, senatari jeltzaleak esan du prezioa oso urrun dagoela Elikagaien Prezioaren Behatokiaren txostenak, ministerio horrek eginikoak, gomendatu dituen prezioetatik. 

Medinak ministroari txarretsi dio EAJ-PNVk planteatu dituen zuzenketak kontuan hartu ez izana Kongresuan, legeari hori “konponbidea” bilatzen ziotelako. Era berean, senatariak Euskal Taldeak Senatuan emendakin berriro ere aurkeztuko dituela esan dio testuak dituen gabeziak zuzentzeko.

Beste alde batetik, jeltzaleek, beste behin ere, Automobilgintza Mahaiaren bilera albait arinen egitea aldarrikatu dute, Reyes Maroto ministro andreak iragan apirilean hitzeman bezala talde honek ahoz egin zion galderari emaniko erantzunean.  

Oraingo honetan, Mertxe Garmendiak, Industria, Turismo eta Merkataritza Batzordeko bozeramaileak, EAJ-PNVren kezka adierazi du mikrotxip eta erdieroaleen zuzkidurarik ezagatik, egoera horrek ibilgailuen lantegietan geldialdi partzialak eragiten dituela nabarmenduz. Garmendiak ohartarazi duenez “energiaren prezioaren gorakada neurrigabeak” eta  “lehengaien eta logistikaren kosteak” estutasunean jartzen du une “konplikatua” bizi duen sektorea, “krisi sakon baten mehatxupean”. 

Senatari jeltzaleak Industria ministroari erreklamatu dio “konponbide-multzoa” presta dezala alderdi teknologiko-digitalean eta ingurumen alorrean, egoera are larriago bihurtu aurretik. “Sektoreak  erantzunak espero ditu, erantzun bizkorrak”. “Mahai hau baino gune hoberik al dago horretarako? Autonomia Erkidegoekin eta sektorearekin, gai hauek aztertzeko?”, gaineratu du.

Euskal Taldeak gaur sustatu duen hirugarren ekimena bideratu da Espainiako exekutiboa ohartaraztera bigarren eta lehen hezkuntzako curriculumen onarpenaren garapenaren inguruan. Rosa Peralek Alegría ministro andreari gogoratu dio bere ministerioak amaituta izan nahi dituela, hiru hilabeteko epean, “arin eta Autonomia Erkidegoekin behar bezala landu gabe”. 

Ordezkari jeltzaleak adierazi du curriculumaren garapenak “denbora, zehaztasuna, analisia eta seriotasuna” behar dituela, eta salatu du Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako dekretuen lehen zirriborroak Autonomia Erkidegoetara abuztuan helaraz izana eta, horrez gain, Bigarren Mailako curriculumaren zirriborroa oraindik ezagutu gabe izatea.

Halaber, Peral “kezkatuta” agertu da Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministeriotik gai honekin egin den planifikazioagatik. Senatuko Hezkuntza Batzordeko bozeramailea prest agertu da “lankidetzan aritzera eta elkarrekin eraikitzera”, baina “hau ez da prozesua aurrera eramateko modua”, ohartarazi du. “Planifikazio zehaztuagoa espero dugu, berme guztiekin eta soseguz egiteko, bai eta gaiak behar duen adostasunarekin”, amaitu du. 

PARTEKATU