Izaskun Bilbaok Bilboko trafikoa baretu izana planteatu du Europako hirietan bideetako segurtasuna hobetzeko eredu gisa

Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatu Izaskun Bilbao Barandicak Europako Batasuna animatu du hiriguneetan bideetako segurtasuna sustatzeko apustua indartzera, Bilboko eredua adibidetzat jarriz
Izaskun Bilbaok Bilboko trafikoa baretu izana planteatu du Europako hirietan bideetako segurtasuna hobetzeko eredu gisa
05 Urria | Europako Legebiltzarra

Bizkaiko hiriburuari iragan udaberrian Europak aitortu zion bere tamainako lehen hiria izan dela hirigune osoan abiadura km/orduko 30ra murrizteko erabakiagatik, horrek istripuak %30 jaistea ekarri duelarik. Era berean, zero tolerantzia aplikatzen da mozkortuta edo drogatuta gidatzen duten pertsonentzat eta, digitalizazioari esker, ibilgailuen eta azpiegituren arteko konexio eraginkorra bideratu da.

Europako Parlamentuak eztabaidatu berri du Europako Batasunak 2021-2030 epealdira begira bideetako segurtasun alorrean garatuko duen politikari buruz, eta gomendio batzuk jasotzen ditu Europan, estatuetan, erregioetan eta toki esparruan eman beharreko urratsen inguruan, “Zero Biktima” helburua lortzera begira, hau da, zirkulazioko istripuetako heriotzak eta lesio larriak desagertu arte. Urtero, Europako Batasunean, milioi bat istripu gertatzen dira errepideetan eta hirietan. 2019ean istripu hauek 23.000 hildako utzi zituzten, bai eta 120.000 zauritu larri ere.

Hitza hartu duenean, Izaskun Bilbao Barandicak gogora ekarri nahi izan du giza faktorea dela gaur egun Europako Batasunean gertatzen diren auto istripuen kausa nagusia. “Alkoholaren eta drogen kontsumoak, gehiegizko abiadurak, faktore horiek konbinatuta, eragiten dituzte urtero EBren baitan gertatzen diren milioi bat istripuen erdiak. Horregatik da premia larrikoa halako arau hausteekin zero tolerantziari eustea, substantzia horien kontsumitzaileek errepideetatik ateratzea eta gidarien prestakuntza jarraitua indartzea”.

PARTEKATU