Patxi Zamora auziari buruzko informazioa desklasifikatzea erreklamatu dio Euskal Taldeak Grande-Marlaskari

Kontrol bilkuran, Mikel Legarda diputatu jeltzaleak kritikatu du Guardia Zibilak Sekretu Ofizialen Legea baliatu izana Nafarroako hegazkin-zerbitzariari datuak ukatzeko “Justiziara eta legera iristeko ezintasun-giroa" sortuz
15 Iraila | Kongresua

Euskal Taldeak Fernando Grande-Marlaska Barne Ministroari erreklamatu dio gaur Patxi Zamora auziaren inguruko informazioa desklasifika dezala. Zamora, Iberiako hegazkin-zerbitzaria lanetik bota zuten Guardia Zibilaren mezu elektronikoa jaso ondoren akreditazioa berritzea ukatuz, lanerako “ez gai” jotzen zutelako.

Bilkura aldi honen lehen kontrol bilkuran, Mikel Legarda diputatu jeltzaleak salatu du Guardia Zibila Sekretu Ofizialen Legeaz baliatu dela kaltetuari bere kaleratzearen arrazoiak argitzen lagun dezaketen datuak ukatzeko. Legardak nabarmendu du horrela “justiziara eta legera iristeko ezintasun-giroa” sortu dutela.

Hitz egiteko izan duen tartean, Legardak azaldu du Zamorak, “ez gai” kalifikatua izan zenetik urte betera jakin zuela hala jo zutela Guardia Zibilak esan zuelako “Arriskutsuak izan daitezkeen inguruneetatik gertu dagoen pertsona” dela. Bi urte eta erdi geroago eta Kongresuko Euskal Taldeak eginiko galderari erantzunez, Espainiako gobernuak azaldu zuen lan egiteko baimena ez berritzeko erabakia hartu zela Zamorak, 2007an, ANVko zerrendetan aurkeztu zelako maiatzaren 27an egin ziren udal hauteskundeetarako.

“Gobernuak gauza batzuk esaten dizkigu, egia haren itzalguneen artetik sumatzen laguntzen digutenak, Platonen leize-zuloan bezala”, azpimarratu du Legardak. “Eta Zamora jauna, Kafkaren prozesuan bezala, zigorra sufritzen ari da zioa ezagutu gabe eta argitzeko prozedura bera, apurka-apurka, beste zigor bat bihurtzen ari delarik”.

Horregatik guztiagatik, Euskal Taldeak egoera hau “zentzuzko jotzen ez duelako”, Mikel Legardak Marlaska Ministroari eskatu dio Sekretu Ofizialen Legea aldarazteko EAJ-PNVk egin duen proposamena ez blokeatzea, auzi honi buruzkoa desklasifika dezala, AEBk I-11ri buruzkoarekin egin duen bezala, eta bere Departamentuan ez dezala onartu “justiziara eta legera iristeko ezintasun giroa” sortzea, hiritar bati egotzitakoan horren konexio ahula antzematen baita ezen ebaluatzaileen irizpide pertsonalak ezkutatzea baino bilatzen ez dela ematen duela”.

PARTEKATU