EAJ-PNVk Alderdi Eguna ospatuko du ekitaldi politiko batekin, "jairik egin gabe" eta osasun jarraibideak "zehatz-mehatz" betez

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ez du onartu Partido Popularrak BJKNa aukeratzeko sistema aldarazteko aurkeztu duen proposamena, “iruzurti” jotzen duelako
07 Iraila | EBB

EAJ-PNVk irailaren 26an ospatuko du Alderdi Eguna, EAJ-PNVren Egun Handia. Egin egingo du, hori bai, jairik gabe. Talde jeltzaleak ekitaldi politiko xumea egingo du, gaur egungo osasun egoerak eskatzen duena, hemendik hiru astera indarrean sartuko diren osasun irizpideekin bat etorriz. Horiei buruzko xehetasunak hurrengo egunetan emango dira ezagutzera. Iragarpena gaur goizean egin du Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, Onda Vascan egin dioten elkarrizketan. “Alderdi Eguna ospatuko dugu egun horretan indarrean egongo den araudia hitzez -hitz betez. Gaur egun ezin da aurreikusi jai bat egin ahal izango denik. Ekitaldi politikoa egingo da, gizarte honetan pertsona asko daudelako guri begira eta Herri honetako alderdi nagusiak bidean datorkigun etorkizun konplexua nola ikusten duen jakiteko zain. Gizarteari jarrera politiko hori eskaini behar diogu, baina jaia gerorako utzi beharko dugu. Ez txakolinik ezta talorik ere”, baieztatu du Ortuzarrek.

Elkarrizketan, jeltzaleen buruari galdetu diote gaur egungo hainbat gai nagusiri buruz. Hauen artean PSOE eta PP alderdien artean ematen ari den hika-mika Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren berritze prozesuaren inguruan eta judikaturaren gobernu organoaren aukeraketa arautzen duen legearen aldarazpenaren inguruan. Ortuzarrek argi baino argiago utzi nahi izan du EAJ-PNVren jarrera. “Ez dugu bat egiten PPren jarrerarekin, epaileen gobernua epaileek eurek aukeratu beharrarekin, horrek korporatibismoaren zentzu okerrera eramango gaituelako. Botereen banaketan sinesten dugu eta botere bakoitzak bere independentzia izan behar duela, baina azkenean botere bat dago sistema demokratiko osoaren giltzarria dena, eta hori da hiritarrek eurek bozkatzen dutela, eurena da boterea. Horregatik ulertzen dugu epaileen gobernua osatuko dutenak aukeratzeko boterea Diputatuen Kongresutik irten behar dela, azkenean herriaren borondatearen eta hiritarren burujabetzaren jagolea delako”. Buru abertzalearen aburuz, PPk “planteamendu iruzurtia” egiten du. “Atzo Lesmesi entzun ondoren ez da beharrezkoa inork bere orientazio politikoa azaltzea. Eta PPk jakin daki posizio gorenetan dauden epaileen artean nagusiki ematen den posizioa kontserbadorea dela, eta Parlamentuan lortu ezin duena korporazioaren bidetik lortu nahi du, eta hori ezin da horrela izan”.

Pedro Sánchezekin 2019ko abenduan EAJ-PNVren ordezkari gisa izenpetu zuen inbestidura akordioaren betepen mailaz galdetuta, Ortuzarrek “hala moduzkoa” dela esan du. “Sánchezek berak, bere barne txostenean %21ean ezarri zuen . Eskasa. Azeleragailua sakatu behar da. Espero dut Gobernu berriak kurtso hasiera honetan pilak jartzea. Elkarrizketak hasiko ditugu berriz ministro jaun-andre berriekin, egia delako aldaketak eman direla guk interes handiena dugun arloetan. Aitor Estebanek berriro heldu die elkarrizketa horiei, eta ni hurrengo astekotan hasiko naiz. Ea udazkena emankorragoa den betepen horretan eta galdutakoa berreskuratzen dugun, atzerapen handia baitaramagu”. Halaber,jeltzaleen buruak argi utzi nahi izan ditu adostuta eta izenpetuta dauden gaiak, Gutxieneko Diru Sarreraren gaia barne, ez direlako egongo Estatuko 2022ko Aurrekontu Orokorren negoziaketaren mahaian. “Aurrekontuak negoziatuko ditugu beti egin dugun bezala, agirian gauzak jasoaz eta euskal interesak defendatuaz, baina lehenago hutsean jarri behar dugu zor digutenaren kontagailua. Negoziatzen hasi baino lehen exijitu ohi dugu lehenagoko konpromisoak betetzea, eta uda baino lehen hiru gai genituen: Abiadura Handiko Trena, Gutxieneko Diru Sarrera eta transferentzien egutegia berrabiatzea, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan zergen gaia argitu delarik. Saiatuko gara hiru gai horiek abiapuntuan egon daitezela, hau da, aurrekontuei buruzko negoziaketa hasi baino lehen”, esan du.

PARTEKATU