Ortuzarrek Soft Power Clubaren Konferentziaren bigarren edizioan parte hartuko du Venezian, klima aldaketaren erronka ardatz hartuta

Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta Mikel Burzako burukidea astelehenean eta asteartean izango dira Europako Demokraten Institutuak (IED) antolatu ohi duen foro ospetsuan
Ortuzarrek Soft Power Clubaren Konferentziaren bigarren edizioan parte hartuko du Venezian, klima aldaketaren erronka ardatz hartuta
29 Abuztua | EBB

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Soft Power Clubaren Konferentziaren bigarren edizioan parte hartuko du. Bihar, abuztuak 30, astelehena, eta asteartean, hilak 31, Venezian izango da, Europako Demokraten Institutuak (IED ingelesezko sigletan antolatu duen jardunaldian. Topaketak klima-aldaketaren aurkako erronka atzeraezina izango du ardatz. Politikaren, zientziaren, ekonomiaren eta kulturaren munduko ordezkariek bi egunez eztabaidatuko dute Europako Itun Berdea, Europako Batasunak klima-aldaketaren aurka hartu duen konpromisoa, bai eta EIDren arabera, itun horrek "ekonomian, enpleguetan eta Europar Batasuneko 'Soft Power' delakoan izan behar duen eragina" ere. Beste gai batzuk ere jorratuko dituzte Venezian, hala nola talibanak Afganistango boterera itzuli izanak ekarri duen hondamendia, alderdi politiko eta sozialean, bai eta hango biztanleriarentzat ere; eta ondorioz sortu den krisi humanitarioaren ondorioak arintzera begira Europako Batasunak nola lagun dezakeen eta nola jardun behar duen.

Europako Itun Berdeak, Green Deal izenez ezagutzen denak, asmo handiko helburuak jasotzen ditu ingurumenaren arloan, epe labur eta ertainerako, hala nola 2030ean eta 1990ko datuekin alderatuta CO2 isuri garbiak gutxienez % 55 murriztea, 2050ean neutraltasun klimatikoaren helburu nagusia lortu ahal izateko. 'Green Deal 'Europako Parlamentuak ekainean babestu zuen, EAJ-PNVren aldeko botoarekin. Bestalde, Joseph Nye politologo estatubatuarrak sortutako kontzeptua da 'Soft Power', eragile politiko batek, kasu honetan Europako Batasunak, elkarrizketaren, diplomaziaren eta are lankidetza kultural handiagoaren bidez, beste eragile batzuen ekintzetan eragiteko duen gaitasuna deskribatzeko.

Konferentzia astelehen arratsaldean hasiko da, Luigi Brugnaro Veneziako alkatearen eta David Sassoli Europako Parlamentuko presidentearen agurrekin. Hizlari aipagarrienen artean daude Paolo Gentiloni, Europako Ekonomia komisarioa; Irina Bokova, UNESCOko zuzendari nagusi ohia; Dario Franceschini, Italiako Kultura ministroa; Sarah El Haïry, Frantziako Gobernuko Gazteriako Estatu idazkaria; Roberto Cicutto, Veneziako Bienaleko presidentea; Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria; eta arestian aipatutako Joseph Nye. Halaber, asteartean I. Soft Power Prize saria emango diote Covid-19 pandemiaren garaian gizateriaren alde egindako lanagatik nabarmendu den erakunde edo pertsona bati.

Biltzar honen lehen bi edizioen egoitza Venezia izatea ez da kasualitatea. Venetoko hiriburuak klima aldaketaren ondoriorik gaiztoenak pairatzen ditu azken urteetatik hona, bere azaleraren zati handi bat urak hartzeko mehatxuari egin behar baitio aurre. Veneziak iraunkortasunaren munduko hiriburu bihurtzea du helburu.

PARTEKATU