EAJ-PNVk informazioa eskatu dio Estatuko Gobernuari Ceutatik Marokora adingabeak aberriratzeko prozesuari buruz

Senatuko Talde Parlamentarioak galdera idatzi batzuk aurkeztu ditu haien egoera zehatza eta eskubide guztiak errespetatzeko bermeak ezagutzeko.
EAJ-PNVk informazioa eskatu dio Estatuko Gobernuari Ceutatik Marokora adingabeak aberriratzeko prozesuari buruz
21 Abuztua | Senatua

Joan den apirilean Marokotik Ceutan sartu ziren adingabeak aberriratzeko prozesuarekin kezkatuta, Senatuko EAJ-PNVren Talde Parlamentarioak galdera sorta bat aurkeztu dio Estatuko Gobernuari, horren jarraipena egiteko asmoz. Nahiz eta Hiri Autonomora iritsi ziren 2.000 adingabeetatik gehienak berehala itzuli ziren berme gutxirekin eta legezko estaldura zalantzagarriarekin, 700 inguru daude Marokora itzultzeko zain.

Lehenik eta behin, EAJ-PNVk zalantzan jarri du zer lege-oinarritan oinarritzen den mugako itzulketa kolektibo bat dela dirudiena, eta ea betetzen dituen Estatuak oinarrizko eskubideei eta haurren babesari buruz sinatutako nazioarteko akordioak. Aberriratutako adingabeen kopuruari buruzko informazio zehatza eskatzeaz gain, bai eta datozen egunetan aberriratuko direnen kopuruari buruzkoa, eta batzuk eta besteek jasotako informazioa eta abokatu-laguntza zein erakunderen aldetik jasotzen ari diren zehazteaz gain, Talde Parlamentarioak Marokora itzultzeko aukera zenbat adingabek baztertu eta horretarako eman dituzten arrazoiak jakitea eskatu du. Izan ere, horietako batzuek Ceutako harrera zentroetatik alde egitea erabaki dute, itzultzeko aukeraren aurrean; hori dela eta, alderdi jeltzaleak zaintza eta babesa nola ematen ari zaien jakitea eskatu du.

Afrika iparraldeko erresumara itzultzean adingabe horiek izango lituzketen baldintzek ere kezka sortzen dute EAJ-PNVn. Hori dela eta, haietako zenbatek duten aberriratzeko espediente indibidualizatua zehaztea eskatu dute, ziurtasunez jakin ahal izateko itzuliz gero ez dutela babesik beharko eta ez daudela zaurgarritasun-egoeran. Antzeko ildo batean, Espainiako Gobernuari galdetu diote Marokon aberriratu nahi dituzten adingabeak hartu beharko lituzketen zentroek duten benetako gaitasuna, baliabide materialak eta giza baliabideak ezagutzen ote dituzten. Harrera- eta lekualdaketa-prozedurez arduratzeaz gain, Euskal Taldeak galdetu du ea ezagutzen diren zentro horietan familia-elkartzeak antolatzeko benetako aukerak itzulketa egin aurretik.

PARTEKATU