Afganistango egoerari buruzko komunikatua

Hogei urte geroago, Kabul hiriburua hartu ostean, talibanek garaipena aldarrikatu dute eta Afganistango agintera itzuli dira. Garaipen hori gerra krudel baten emaitza izan da, eta gertaera horiek azkartu egin dira AEBko tropak herrialdetik erretiratu direnetik
Afganistango egoerari buruzko komunikatua
18 Abuztua | EBB

Ondorio oso larriak dituen egoera honetan, ondorio horiek Afganistango garrantzi geopolitikoa duen lurralde batean neurtzea zaila izan arren, lehenengo eta behin EAJ-PNVk bere kezka handia agertu nahi du azken gertakariengatik, azken gertakari horien bilakaera atsekabez eta urduritasunez jarraitzen ari baikara.

Giza Eskubideen aurkako eraso guztiak gaitzesten ditugu, eta Afganistango agintari berriei eskatzen diegu nazioarteko lege humanitarioak ahalik eta gehien zaindu eta babes ditzatela, eta bai Afganistango herritar guztiek beren eskubideak eta askatasunak egikaritu ahal izatea ere.

Nazioarteko komunitate osoari dei egiten diogu irmotasunez eta batasunez joka dezan, mehatxu terrorista globalari aurre egiteko orduan, herrialde hori erakunde terroristen babesleku bihur ez dadin edo nazioarteko terrorismoaren plataforma gisa erabil ez dadin, oinarrizko giza eskubide guztiak errespetatzen direla bermatze aldera.

Nazio Batuei dei egiten diegu, baina baita gainerako herrialdeei eta, bereziki, Europar Batasunari ere, giza balio unibertsalak defenda ditzaten eta egoerak eskatzen duen erantzun egokia eman dezaten, biztanleria zibilari laguntza eta babes humanitarioa emanez, tokian bertan eragile humanitarioen presentzia eta parte-hartzea bermatuz, eta beren herrialdetik etorkizun itxaropentsuago baten bila irten nahi duten Afganistango errefuxiatuei nazioarteko harrera erraztuz.

Azkenik, gure ezinegona eta gupida adierazteko mezu berezia helarazi nahi dugu emakume afganiarrek pairatzen duten eta jasaten ari diren egoera korapilatsuagatik; era berean, mezu hori helarazi nahi diegu gizarte-sektore ahulenei, hala nola haurrei, eta gure elkartasuna eta maitasuna helarazi nahi diegu. Azkenik, pertsona horien guztien eskubideak nazioarteko komunitateak behar bezala babestu eta bermatu ditzan nahi dugula adierazten dugu.

PARTEKATU