Elena Lete Bergarako alkate ohiak ordezkatuko du Aitor Aldasoro Legebiltzarrean

Aldasorok legebiltzarkide aktari uko egin dio gaur goizean Eusko Legebiltzarrean eta bere kargua Letek beteko du, azken hauteskunde autonomikoetan EAJ-PNVren Gipuzkoako zerrendetan hamabigarrena zenak
Elena Lete Bergarako alkate ohiak ordezkatuko du Aitor Aldasoro Legebiltzarrean
08 Uztaila | Eusko Legebiltzarra

Aitor Aldasoro legebiltzarkide jeltzaleak diputatu aktari uko egin dio gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Aldasoro Arantxa Tapiaren taldean sartuko da Eusko Jaurlaritzan, eta bere eserlekua Elena Letek beteko du, EAJ-PNV alderdiak aurreko hauteskundeetan aurkeztu zuen zerrendan hurrengoa izan zenak.

Lete Bergarakoa da, arkitekto teknikoa, eta bere ibilbide profesionala euskal administrazioaren maila desberdinei lotuta egon da. 1989an hasi zen lanean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Sailean, eta, ondoren, Arrasateko Udalean sartu zen, 2013an Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendari kargua hartu zuen arte. 2015ean, Letek udal politikarako jauzia egin zuen bere jaioterrian zinegotzi gisa, eta urtebete geroago, Juan Jesus Alberdik dimisioa eman ondoren, Alkatetzaren buru jarri zen (2016-2019). Azken udal hauteskundeetan EAJ-PNVren hautagaitzako buru izan zen, eta aurtengo martxora arte oposizioaren bozeramailea izan zen Udalean. Elena Letek iraileko lehen osoko bilkuran hartuko du kargua.

PARTEKATU