“Zaratatik eta imintzioetatik” aldentzea eskatu dio Estebanek Sánchezi, “elkarrizketa emankorrerako aldi berri bat” hasteko

Euskal Taldeko bozeramaileak Presidentea animatu du “akordioaren eta erabaki partekatuen bidea” egitera, eta gobernuaren “engranajea koipeztatzea” eskatu dio “etorkizuneko erronkei” aurre egiteko, besteak beste Europako Funtsak inplementatzea “noiz iritsiko diren” oraindik jakiterik ez dagoen arren, edo nazio nortasunak errespetatzea
30 Ekaina | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko bozeramaileak, gaur esan du gaur egungo momentua izan daitekeela “elkarrizketa emankorrerako aldiaren hasiera”, “nolabaiteko egonkortasuna” eragin beharko duena, eta Pedro Sánchezi eskatu dio egoera hori “baliatzea” “bestelako herrialdea eraikitzeko oinarriak jartzeko, herrialde irekiago eta europarragoa, oinarri ekonomiko hobe eta indartsuago batekin, eta autogobernua ez ezik nazio nortasunak errespetatuko dituena”.

Horretarako, Estebanek “dei orokorra” egin du “erantzukizunez eta lasaitasunez jardutea eskatuz”, eta PP, Vox eta Cs alderdien jarrerak gogoratuz Presidenteari eskatu dio “alboko zarata” ahaztu dezala eta “akordioaren eta erabaki partekatuen bidea” egitea, “imintzioak alde batera utziz”.

Hain zuzen ere, Euskal Taldearen bozeramaileak iragarri du Legealdiak etorkizuna izango duela Sánchez Presidentetzara eraman zuen gehiengo berberaren bidez, baina gomendatu dio harropuzkeriatan erortzeko tentalditik aldentzea “halakoa moduko Ganberarekin, hitzartu beharra dagoelako”.

Datozen hilabeteetan politikari eta gizarteari planteatuko zaizkion "erronketako" bat izango da Europako Funtsak inplementatzea, zeinak Estebanek "funtsezkotzat" jo baitu. AIReFek atzo bertan adierazitakoaren ildotik, "Sentsazioa da ezarpena gordin samarra dagoela oraindik, heldugabe", deitoratu du. Jeltzaleen bozeramaileak zehaztasun gehiago eskatu ditu, batez ere aurreikusitako egutegiari eta proiektuen definizioari dagokienez. "Nik helmugako argazki baten falta sumatzen dut, zer lortu nahi den", laburbildu du, zehaztasun gehiago behar direla eta Euskadik Euskadi Next izeneko plan bat duela azpimarratu ostean.

Espainiako Gobernuak Europako Funtsen inguruan egindako plangintzari egin zaizkion kritikekin bat eginez, Estebanek ministerioen arteko koordinazioa hobetzea eskatu dio Sanchezi, "Gobernuaren engranajea koipeztatuz" eta Euskal Autonomia Erkidegoarentzat funtsezkoak diren proiektuei "bultzada politikoa" emanez, besteak beste, AHTari.

Estebanek kritika gogorrak egin dizkie Alderdi Popularrari eta Pablo Casadori, indultuen aurka duten jarreragatik. Testuinguru horretan, behin baino gehiagotan Ganberak, PPk proposatuta, Kataluniako buruzagi independentistei eman zaien grazia neurriaren alde egin duela gogorarazi du. Hala, bozeramaile jeltzaleak "lasaitasun handiagoa eta etorkizunera begira jartzea" eskatu dio "herrialde bat gobernatu nahi duen alderdi bati", eta Pablo Casadoren hitzaldiak Voxek aurkeztutako zentsura-mozioaren harira agertutako jarrerei "osoko zuzenketa" direla salatu du. Zentzu horretan, Aitor Estebanek salatu du "Espainia Estatu judizial" bihurtu dela, eta Espainiako eskuinak helegiteak jartzeko politika etengabea duela. "Ikusitakoak ikusita, herritarrei esan beharko zaie Parlamentuari botoa ematea baino emankorragoa izango dela epaileei botoa ematea, azkenean herritarren borondatea ordezkatzen baitute. Eta hori ez da ona demokrazian", amaitu du.

Azkenik, Euskal Taldeko bozeramailea kritiko agertu da Escrivá ministroarekin, eta "robot bat bezala" jokatzea aurpegiratu dio, bai migrazio politikaren kudeaketari dagokionez, bai pentsioen etorkizunerako berriki sinatutako akordioari dagokionez. Akordio hori jendaurrean iragarri da, Taldeei aldez aurretik jakinarazi gabe. Lehen gaiari dagokionez, Estebanek salatu du Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako titularrak oraindik ez diola erantzun Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak migrazio-estrategiak partekatzeko bilera bat eskatzeko bidalitako presazko gutunari, eta gogorarazi dio "Europak migrazio-politikan eskatzen duen ikuspegi koordinatua hemen ere aplikatu behar dela". Pentsioen etorkizuneko erreformari dagokionez, jeltzaleak txalotu egin du elkarrizketa sozialerako mahaian lortutako akordioa, baina gogorarazi du Parlamentua dela "bozkatzen" duena eta onartzen duena.

PARTEKATU