Mertxe Garmendiak makina-erremintaren Renove Plana martxan jartzeko premiatu du Estatuko Gobernua

2021eko Aurrekontu Orokorretan jasotako laguntzak urtea amaitu baino lehen betearaz ditzan eskatu dio Industriako ministroari, EAJ-PNVrekin lortutako akordioari esker adostutakoak.
Mertxe Garmendiak makina-erremintaren Renove Plana martxan jartzeko premiatu du Estatuko Gobernua
22 Ekaina | Senatua

Mertxe Garmendia EAJ-PNVko senatariak "bizkortasun eta ardura handiagoa" eskatu dio Industria, Merkataritza eta Turismo ministroari makina-erremintaren Renove Plana martxan jartzeko. 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrek 50 milioi euroko partida bat jasotzen dute, enpresa pribatuentzat, eta urtarrilaren 1etik dago erabiltzeko moduan. Hori dela eta, ordezkari jeltzaleak bizkortzeko eskatu dio Reyes Maroto ministroari, dagoeneko urte erdia igaro baita horren inguruko berririk eman gabe. "Ministerioaren geldotasuna, gelditasuna harrigarria da”, esan dio Gobernuko arduradunari.

Gaur arratsaldeko Gobernuaren kontrol-saioan, industria-arloko arduradun jeltzaleak Maroto ministroari ohartarazi dio litekeena dela 2021eko kontuetan aurreikusitako laguntzak abenduaren 31n gauzatuta ez egotea, bete beharreko izapide ugariak direla eta (Europar Batasunari jakinaraztea laguntza-plana, hura argitaratzea Diru-laguntzei buruzko Legea betetzeko, edo eskabideak aurkezteko epea eta ondorengo azterketa eta onarpena). "Gabonetan turroia jaten izango gara, eta oraindik plana egin gabe egongo da", iragarri du.

Garmendiak gogorarazi du laguntza plan hori Estatuko Gobernuak eta EAJ-PNVk egindako akordioaren ondorioz jaso zela aurtengo Estatuko Aurrekontu Orokorretan, beste enpresa jarduera askoren sektore estrategiko eta motorea dena indartzeko, eta abangoardia teknologikoari eusteko etengabeko beharra duena, lehiakorra izan dadin; hori dela eta, "urtea amaitu baino lehen adostutakoa betetzeko" eskatu dio. Era berean, gogorarazi dio 50 milioi euroko plana "sektoreko enpresa pribatuei laguntzeko dela, eta ikus dezaketela urtea amaitu daitekeela hauek eskuratu gabe", pandemiak gehien zigortu duen sektoreetako bat izan arren.

PARTEKATU