Iturrate: "Beharrezkoa da Estatuaren errealitate plurinazionala onartzea, Euskadik eta Kataluniak erantzun politikoak behar dituztelako"

Legebiltzarkide jeltzaleak indultuaren bidea defendatu du eta aldeei elkarrizketaren eta negoziazioaren bideari ekiteko deia egin die. "Lehenago edo geroago eseri eta hitz egin behar da"
22 Ekaina | Eusko Legebiltzarra

Iñigo Iturrate EAJ-PNVko legebiltzarkideak esan du 'Proces'-eko buruzagiei indultuak ematea beharrezko neurria dela elkarbizitzarantz aurrera egiteko, baina pauso horren ostean alderdien arteko elkarrizketa bide bat irekitzea erraztuko duten beste batzuk iritsi behar direla ohartarazi du. "Indultua elkarbizitza hobetzeko bidea da. Ez du balio immobilismoan jarraitzeak", esan du. Bizkaia Irratian egindako elkarrizketan, Iturratek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu dio Estatuaren errealitate plurinazionala bere gain hartzeko, irtenbide politikorik gabe arazoa beti hor egongo delako. "Lehenago edo geroago, hitz egitera eseri beharko dugu, eta onartu behar dugu nazio anitzeko estatu batean bizi garela, non Euskadik eta Kataluniak helburu eta errealitate desberdinak dituzten. Gure espazioa eta erabakitzeko ahalmena eskatzen ditugu. Gobernuak bere gain hartu behar du hori, bestela, arazoa ez da desagertuko". Buruzagi jeltzaleak ulertezintzat jo du buruzagi katalanak politika egiteagatik espetxeratu izana, eta "amaiera ematea ezinbestekoa" dela gaineratu du. Hori dela eta, Estatuak, Kataluniako erakundeek eta ERCk adostutako mahaian elkarrizketa fase bat irekitzearen alde agertu da. "Hasieratik esan genuen estatuak lurraldetasun arazo bat duela, eta horri erantzun behar zaiola ekintza politikotik, eta ez judizialetik"

AHT LURPERATZEA

Abiadura handiko trenaren atzerapenei buruz galdetuta, Iturratek Abalos ministroari euskal erakundeekin adostutakoa zorrotz betetzeko eta obren lizitazioa hasteko eskatu dio. "Abiadura handia proiektu estrategikoa da eta hitzartutakoa betetzea besterik ez dugu eskatzen. Ez gehiago, ez gutxiago. Bete dezatela gu egiten ari garen bezala", zehaztu du. Legebiltzarkide jeltzaleak ez du behin behineko konponbideetan sinesten, "Azkenean behin-behinekoa behin betikoa da, eta hortik ez gara pasatzen. Ez du gure gizarteak merezi eta ez da adostutakoa"

ANTIPANDEMIAREN LEGEA

Ostegun honetan osoko bilkuran onartuko den Pandemiaren Kudeaketarako Legeari dagokionez, agintariek unean-unean hartzen dituzten erabakiei "segurtasun juridikoa" emateko tresna legalak behar direla azpimarratu du Iturratek. "Pandemia desagertu ez delako eta gaixotasuna kontrolatzeko neurriak behar ditugulako", gaineratu du. Iturratek deseskalatzean oso azkar aurrera egitearen arriskuez ohartarazi du, eta Portugal edo Erresuma Batuko kasuak aipatu ditu; izan ere, herrialde horiek galga jarri behar izan dute kimuak eta aldaera berriak agertu direlako. "Birusa oso apetatsua da. Aurreikusi ezin den portaera du. Larrialdi sanitarioan jarraitzen dugu, eta arriskutsua litzateke mezu baikorregiak bidaltzea. Ikusiko dugu zer bilakaera izango duen datozen asteetan, baina erne jarraitzen dugu".

ERASO HOMOFOBOAK

Amaitzeko, Iturratek gaitzetsi egin ditu azken egunotan euskal geografiako hainbat puntutan izandako eraso homofoboak, eta gogorarazi du giza eskubideen aldeko borroka eguneroko lana dela eta horren aurrean ezin dela erne egoteari utzi. "Asko aurreratu dugu azken hamarkadetan, baina gorroto diskurtsoak gure gizartean daude oraindik. Horri aurre egin behar diogu, horrelako portaerek ez dutelako lekurik, ez ditugu onartzen eta aurre egin behar diegu".

PARTEKATU