Barandiaran Escrivári: “Ez ezazu GDSren transferentzia gehiago oztopatu; kontrakoak ekarriko luke zure Ministerioarekiko konfiantza haustea”

Kontrol bilkuran, Euskal Taldeko diputatuak salatu duenez Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministroaren jarrerak “adostutako akordioen sinesgarritasuna kaltetzen du” eta kalte egiten dio euskal gizarteari, eta “erreakzionatzea” eskatu dio
09 Ekaina | Kongresua

Iñigo Barandiaranek, Kongresuko Euskal Diputatuak, Escrivá Ministroari ohartarazi dio  bere jarrerarekin tematzeak eta Gutxieneko Diru Sarreraren transferentzia Euskal Autonomia Erkidegora eta Nafarroako Foru Erkidegora bideratzea “oztopatzeak” “Ministerio horrekin konfiantza haustea” ekarriko lukete.

Kontrol bilkuran eta EAJ-PNVko bozeramaileek azken aste hauetan adierazitako kexen ildo beretik, diputatu jeltzaleak salatu du Gutxieneko Diru Sarreraren Legearen Bosgarren Xedapen Gehigarrian jasotakoaren arabera 2020ko urrirako aurreikusi zen transferentzia atzeratu egin dela, eta atzerapen honen errua Ministroari egotzi dio “behin eta berriz oztopatu duelako”.

Barandiaranek azaldu bezala, Gizarteratze,Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioak Eusko Jaurlaritzari bidalitako proposamena “onartezina” da  “hitzemandakoarekin eta legeak berak jasotzen duenarekin alderatuta, Estatuak bere gain hartzen dituelako GDLrenak diren eginkizunak  eta zerbitzuak eta, beraz, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 18.2 artikuluan aipatzen den erregimen ekonomikoaren parte direnak”.

“GDSren Legearen Bosgarren Xedapen Gehigarriaren arabera transferentzia edukirik gabe uztea nahiko larria izanik, are larriagoa da nahita alde batera uztea praktikan jartzeko beharko direla beharrezko materialak eta giza baliabideen transferentzia burutzea”, azaldu du Barandiaranek. Era berean arbuiatu du “euskal administrazioa beste administrazio baten menpekotzat hartzea”, Ministerioak bidalitako proposamenak jasotzen duen bezala.

“Jarrera horrek, zure Gobernuarekin eta zure Ministerioarekin adostu diren akordioen sinesgarritasuna ez ezik, euskal gizartea kaltetzen du, bereziki ekonomikoki egoera ahulenean daudenak, eta horiek dira Estatuak eskaintzen duen politika sozialik onenaren onuradunak”, esan du diputatu jeltzaleak.

Horregatik eta “zortzi hilabeteko atzerapena daramagu” esan ondoren, Escrivári exijitu dio “Gutxieneko Diru Sarreraren transferentzia” gehiago ez oztopatzea, eta eskatu dio “Ekonomia Itunarekin duen inplikazioa ulertzea eta Euskadiko Autonomia Estatutuan jasotzen dena betetzea”. “Seriotan esaten dizut; kontrakoak ekarriko luke zure Ministerioarekiko konfiantza haustea”, amaitu du Barandiaranek.

PARTEKATU