Euskal Taldearen ekimenez, Espainiako gobernuak hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztuko du Artistaren Estatutua

Hala jasotzen du EAJ-PNVk aurkeztu duen Legez Besteko Proposamenak zeinak gaur arratsaldean Ganberaren gehiengo zabal baten babesa jaso baitu. "Legegile gisa dugun betebeharra da bai eta sektoreari zor diogun zerbait”, esan du Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak
08 Ekaina | Kongresua

Ganberaren gehiengo zabal batek babestu du Euskal Taldeak aurkeztu duen Legez Besteko Proposamena, Espainiako Gobernuari Artistaren Estatutua hurrengo hiru hilabeteak bukatu baino lehen onartu eta aurkezteko eskatzen diona.

Ekimena defendatzeko, Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak gogora ekarri du orain dela hiru urte, 2018ko ekainean, Artistaren Estatutu bat egiteko eratu zen Azpibatzordeak txosten bat egin zuela, fiskalitatearekin, laneko babesarekin eta Gizarte Segurantzarekin lotutako hainbat neurri eta gomendio jasotzen zituena, bai eta aurreikusten zuena prestazio publikoak jasotzea jabetza intelektualeko eskubideengatik eta sormen-jarduerengatik jasotako diru-sarrerekin bateragarria.

"Ia hiru urte igaro diren arren, Artistaren Estatuturik gabe jarraitzen dugu; errealitate tristea da", deitoratu du Agirretxeak, COVID-19aren krisiak kultura nabarmen kaltetu duela gogorarazi ostean, "Lehenagotik zeuden arazoak larriagotuz eta berriak sortuz". Hain zuzen ere, diputatu jeltzaleak gogorarazi du Eusko Jaurlaritza ekinean ari dela, bere eskumenen esparruan, kulturako profesionalek "beren lana egiteko behar duten corpusa izan dezaten".

Horregatik, eta "Ganberak hartutako konpromisoa talde honek ahaztu nahi izan ez duelako", Euskal Taldeko kultura bozeramailearen ustez, "Egokia, premiazkoa eta beharrezkoa da behingoz Artistaren Estatutua ateratzea".

"Legegile gisa dugun betebeharra da, bai eta sektoreari zor diogun zerbait ere", esan du Joseba Agirretxeak.

**Erantsita Osoko Bilkuran onetsi den Legez Besteko Proposamena, PSOEk eta Unidas Podemosek proposamenez 2. puntu bat jaso duena :

Diputatuen Kongresuak Gobernuari eskatzen dio:

1- Hiru hilabete baino lehen Artistaren Estatutua onartzea eta aurkeztea. Estatutu horretan jasoko dira Ganbera honek 2018ko ekainean planteatutako gomendioak eta proposamenak, kultura-sektoreari eragiten dioten arazoak konpontzeko.

2.-Agiri horretan jasotzea genero-inpaktuari buruzko txosten bat eta kultura-arloko genero-arrakalari aurre egiteko proposamen espezifikoak.

 

PARTEKATU