Luke-Uribe-Etxebarriak mundu osoan bidezko txertaketa bizkortu dadila eskatu dio G7ri

Nabarmendu du txertoak eskuratzea funtsezkoa dela, eta herrialde aberats eta pobreen arteko ezberdintasun bidegabeak kritikatu ditu.
Luke-Uribe-Etxebarriak mundu osoan bidezko txertaketa bizkortu dadila eskatu dio G7ri IKUSI BIDEOA
08 Ekaina | Senatua

EAJ-PNVko Luke Uribe-Etxebarria senatariak dei egin die G7ko buruzagiei, datorren asteburuan Erresuma Batuan bilduko direla eta, garapen bidean dauden herrialdeetan txertaketa bizkortzeko konpromisoa "argi eta premiaz" har dezaten, Covid-19ren ondorioak azkarrago amaitze aldera. Arancha Gonzalez-Laya Kanpo Gaietako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroari gaur egindako kontrol saioan egin dion ahozko galderan, ordezkari jeltzaleak berriro gogorarazi du "inor ez dela pandemiatik salbu egongo munduko biztanle guztiak aldi berean ez gauden bitartean", eta, beraz, "joan den astean Nazioarteko Diru Funtsaren, Munduko Osasun Erakundearen eta Munduko Diru Erakundearen arduradun nagusiek iragarritako mundu mailako konpromiso baterako ibilbide-orria" jarraitzea eskatu du.

Uribe-Etxebarriak deitoratu egin du nazioarteko erakunde horietako arduradun nagusiek orain arte egindako proposamenak izan duen oihartzun eskasa; izan ere, "maiatzaren 21ean Nazioarteko Diru Funtsak egindako proposamena bere egin dute, herrialde boteretsuenek 50.000 milioi dolar zuzen ditzaten estrategia bizkortu eta koordinatu bat finantzatzeko, mundu guztia txertatze aldera". "Txertoak eskuratzea funtsezkoa da", nabarmendu du EAJ-PNVko senatariak, eta herrialde aberatsen eta pobreen arteko ezberdintasuna kritikatu du. "Ekitate eza moral eta gizatasun aldetik bidegabea da, osasun aldetik oso arriskutsua eta ekonomikoki eta sozialki oso kaltegarria", salatu du. "Gainera, ekitate eza hori Osasuna oinarrizko giza eskubidetzat eta Ondasun Publiko Globaltzat hartzearen aurka doa, G20ak berriki onartu duen Erromako Adierazpenak dioen bezala", azpimarratu du.

Azkenik, Uribe-Etxebarriak azpimarratu du "konpromiso argia eta premiazkoa" hartzeko garaia dela. "Ea herrialde aberatsek berekoi inozoak izateari uzten diogun, eta, zoritxarrez giza elkartasunaren zentzua haratago iristen ez bazaigu, gutxienez berekoi inteligenteak bagina bezala jokatzen dugun", gaineratu du.

PARTEKATU