Aitor Esteban: "Escrivák EAJrekin adiskidetasunezko harremana izan nahi badu, pilak jarri beharko ditu"

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Euskal Taldeko bozeramaileak Ministroari ohartarazi dionez, Gutxieneko Diru Sarreraren transferentzia adostutako terminoetan egin ezean “dardoak alderdi guztietatik iritsiko zaizkio”
07 Ekaina | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, ohartarazpen argia helarazi dio gaur Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministroari, EAEn eta NFEn Gutxieneko Diru Sarreraren transferentziak atzerapena daramala gogoratuz: “Escrivák EAJrekin adiskidetasunezko harremana izan nahi badu, pilak jarri beharko ditu. Bestela, dardoak alderdi guztietatik iritsiko zaizkio”, esan du.

Radio Euskadiko `Boulevard´ saioan egin dioten elkarrizketan bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri duenez Gutxieneko Diru Sarreraren Legean adostutakoaren eta ezarritakoaren arabera, transferentzia hori iazko urrirako egon beharko zen Ekonomia Itunak aurreikusitako terminoen arabera. Estebanek baieztatu duenez “Escrivá tematuta dago gauzak bere erara egitearekin”, EAJ-PNVk “onartuko ez duen zerbait”. Hain zuzen ere, Euskal Taldeak asteazkenean galdera bat egingo dio Escrivá Ministroari Gobernuari kontrola egiteko bilkuran.

Hala, Estebanek aitortu du Espainiako gobernuarekin betidanik eman direla halako “zailtasunak edo desadostasunak”, baina gaineratu duenez, gaur gaurkoz, EAJ-PNVk elkarren arteko ulermena hobesten du “baldin eta adostutako akordioak eta eskuduntzak errespetatzen badira”.

Hain zuzen ere, hainbat hedabidek aipatu bezala Gobernuaren baitan ematen ari den balizko krisiaz galdetuta, Estebanek esan du Ministerioen arteko “barne koordinazio edo kohesio hobea” lortzera bideratu beharko litzatekeela, bere ustez “koordinazio eskas horrek”, hainbatetan beharrezko gertatzen den kudeaketa ona kaltetu duelako.

Jeltzaleen bozeramaileak espetxeratutako Kataluniako politikarien indultuez ere hitz egin du. Estebanek esan du termino juridikoetan “ulertezina” dela “pertsona batzuk espetxean egotea beren herrikideek bozka zezaten saiatzeagatik” eta indultuez esan du “justiziazko neurria” direla, bai eta “politikoki inteligentea” ere.

Azkenik, bozeramaile jeltzaleak “giro lasaia” nagusitzea erreklamatu du “PP eta PSOEren arteko gatazkatik urrun”, Estatus Berria aurrera eramateko, “arrakastatsua izan dadin eta errealitate bihur dadin”, eta kezkagarri jo du datorren igandean PP-k Vox-ek eta Cs-k Kolon plazan egingo duten argazkia.

PARTEKATU