Giza Eskubideen defendatzaileek Kolonbian eta Hondurasen duten arriskuaz ohartarazi du Iturratek, eta babesa eskatu die gobernuei

Eusko Legebiltzarrak babestu egiten du pertsona horiek beren komunitateen defentsan egiten duten lana, eta pairatzen duten jazarpenaren amaiera eskatzen du. "Salatzeak eta jarduteak kostu handia izaten jarraitzen du herrialde askotan", ohartarazi du legebiltzarkide jeltzaleak
Giza Eskubideen defendatzaileek Kolonbian eta Hondurasen duten arriskuaz ohartarazi du Iturratek, eta babesa eskatu die gobernuei
26 Maiatza | Eusko Legebiltzarra

Legez besteko proposamen banatan, Eusko Legebiltzarrak elkartasuna adierazi die Kolonbian eta Hondurasen giza eskubideen defendatzaileak diren eta beren herrien duintasuna defendatzeagatik jazartzen, mehatxatzen eta espetxeratzen dituzten guztiei. Elkartasuna eta errekonozimendua pertsona askok beren bizitzekin ordaintzen duten lanari. "Giza Eskubideak defendatzeagatiko prezioak oso garestia izaten jarraitzen du herrialde askotan. Bidegabekeriak salatzeak, bakearen alde egiteak edo herri indigenak defendatzeak ekintzaile asko eta asko bizi osorako kondenatuta egotea dakar", esan du EAJ-PNVko legebiltzarkideak, eta jazarpenei amaiera emateko eta pertsona horien bizitza bermatzeko eskatu die Kolonbiako eta Hondurasko Gobernuei. "Herrialde horietako erakundeek bermeak eskaini behar dituzte egiten duten lanak aurrera egin dezan, beldurrik gabe, mehatxurik gabe eta askatasun osoz. Ingurune seguru batean lan egin dezaten". Iturratek azpimarratu duenez, pertsona horien lana ezinbestekoa da justizia sozialean oinarritutako bakea sustatzeko, eta, ankerkeria horien aurrean, mundua ezin dela geldirik egon gaineratu du. "Guri dagokigu ahotsa altxatzea, gizartea erreprimitua izan ez dadin eta askatasuna eta giza eskubideak balio unibertsalak izan daitezen. Gainditu gabeko irakasgai handi bat dugu oraindik".

Eusko Legebiltzarrak adiskidetasun- eta elkartasun-lotura sendoak ditu herrialde horietako defendatzaileekin, pertsona horiek babesteko Eusko Jaurlaritzaren programari esker eta Giza Eskubideen egoera egiaztatzeko leku horietara eta beste batzuetara egindako bisitei esker. Gaur, Ganberak pertsona horiek bizi duten egoeraren larritzeari erantzun nahi izan dio, etenik ez duen jazarpenaren aurrean "kezka eta salaketa" adierazten duten bi ekimen onartuta. Kolonbiako kasuan, eta Gobernuak eta FARCek Bake Akordioak sinatu zituztenetik lau urte bete direnean, Iturratek agerian utzi ditu prozesuaren itzalak, eta, bereziki, defendatzaileek Herrialdeko landa-eremu askotan, Caucan, adibidez, jasaten jarraitzen dituzten erasoak. "Kolonbiako gobernuak gertaera horiek ikertzea, egileak jazartzea eta zigortzea premiazkoa da. Bakea benetakoa, eraginkorra eta osoa izan dadin", gaineratu du. Hondurasen kasuan, EAJ-PNVren ordezkariak sexu-askatasunaren defendatzaileek jasaten duten jazarpenaz ohartarazi du, eta "bihurtze-terapiak" deiturikoak amaitzea eskatu du, hau da, Hondurasko gobernuak sexu-orientazioa eta genero-identitatea zuzentzeko egiten dituen praktikak.

PARTEKATU