Izaskun Bilbaok gogoratu du txerto guztiek eta konbinaketa guztiek Europaren berme osoa jaso dutela, eta konfiantza eskatu du

Izaskun Bilbao Barandicak, Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatuak, gaur nabarmendu du Europako Batasunean jartzen ari diren txerto guztiek Sendagaien Europako Agentziaren berme guztiak dituztela, baita estatu kideetako agintariek ezarri dituzten txertaketa jarraibideek ere
24 Maiatza | Europako Legebiltzarra

Horregatik eskatu du txertaketa kanpainak aurrera eramateko hartzen ari diren erabaki guztietan konfiantza izatea, eta gogora ekarri du irizpide tekniko-zientifiko hauek guztiak bermatuta ere beste inguruabar batzuk kontuan hartu behar direla, besteak beste dosien hornikuntza “erosketa gure eskuetan ez dagoelako eta panorama egun batetik bestera aldatzen ari delako”.

ETB1-en “Egun on Euskadi” saioan, euskal eurodiputatuak Europako gaur egungo egoera aztertu du eta besteak beste jorratu ditu migrazio krisiaren areagotzea, txertatze-jarraibideen inguruko polemika edo Bielorrusiako agintariek hegazkin zibil bat bahitu izana esandako herrialde horretako erregimen diktatorialaren kontrako opositorea atxikitzeko, edo Europako funtsak banatzeko prozesua.

Izaskun Bilbaok txertoen inguruan nabarmendu duenez “Europa mailan hartu diren erabakiei esker, txertoak urte betean merkaturatu dira, halako prozesuek hamar urte behar dituztenean”. Era berean deitoratu ditu AstraZenekak hasieratik izan dituen hornikuntza arazoak eta hitzemandako kontratua urratu izana, eta egiaztatu du txertaketa jarraibide guztiek berme zientifiko guztiak jaso dituztela. “Osakidetzak eta Espainiako osasun agintariek ez dute gomendatuko berme guztiak ez dituen jarraibiderik. Beste kontu bat da marka batzuetako dosiak gutxiago izan daitezkeela”, esan du Europako Batasunaren eta Farmazeutika suediar-britainiarraren arteko kontratua berritu ez dela gogora ekarriz. “Ikusi dugu txertoen kontu hau egunero aldatzen ari dela, eta erosketa ez dago gure esku”.

Migrazio-gaiei dagokienez, Europako Parlamentuko diputatu andreak gogoratu du arazo honek Europan erabaki beharko den irtenbidea behar duela, eta orain arte estatu kideek ez dutela irtenbide hori erabaki. Nabarmendu du azken krisi hau konpontzeko formula izan dela mugak berrindartzea eta inguru osoan Frontex-en jarduna areagotzea, baina azpimarratu du Euskaditik formula batzuk planteatu direla, besteak beste Share proposamena izenekoa, “etorkinak hartzeko eta banatzeko orduan gizalegez jarduteko”, eta poztu da azken formula hau erabili delako Melillako gertakarien ondoren estatuko lurraldean bakarrik dauden adingabeak banatzeko. Era berean deitoratu du Marokoren aldetik gizarte zibila baliatu izana Europako Batasuna presionatzeko, eta azpimarratu du erregioek eta hiriek arlo honetan duten zerebina arazo hau konpontzeko eta pertsona hauek integratzeko. Behin betiko konponbideak beharko du, ordezkari jeltzaleen aburuz, jatorrizko erregioetan garapen bidezkoa babestea. “Euren lurraldean aukerarik ikusten ez duten pertsonak dauden bitartean, telebistan edo beren eskuko telefonoetan beste kontinente batean aukera horiek izan ditzaketela ikusten dituztenak, mugimenduek jarraitu egingo dute”.

PARTEKATU