EAJ-PNVk ez du uste Ayusoren garaipenak Estatuko gobernagarritasunari eragingo dionik: “PPk ez du gaitasunik Espainiako Parlamentuan gehiengoak aldatzeko“

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, PSOEri eskatu dio “taktizismoak alde batera utzi ditzala” eta “lanari ekitea” gomendatu dio "Eskatzen ari zaizkion eta luzapenik onartzen ez duten gai praktikoeri heltzeko
05 Maiatza | Kongresua

EAJ-PNVk uste du Isabel Díaz Ayusoren garaipen zabalak ez diola derrigorrez Estatuaren gobernagarritasunari eragin behari; izan ere, bere alderdiak, Alderdi Popularrak, ez du gaitasunik egungo Gobernuaren alternatiba bat antolatzeko. Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketa batean, Aitor Esteban Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak gogorarazi du PPk ez duela "Espainiako Parlamentuan gehiengoak aldatzeko gaitasunik, are gutxiago 'Ayuso estiloan' oinarrituta egin nahi badu". Hori bai, Estebanek "taktizismoak alde batera uzteko" eskatu dio PSOEri, Murtzian bultzatu zuen zentsura mozioari erreferentzia eginez, eta "gai praktikoei heltzeko egiteko" eskatu dio.

Estebanen ustez, M-4ko emaitzak "eragin txikia" izango du "Estatuaren gobernagarritasunean"; izan ere, "PPk eta beste alderdi batzuek ez dute Espainiako Parlamentuan gehiengoak aldatzeko gaitasunik". PPk gaur ez du gaitasun hori, eta are gutxiago 'Ayuso estiloan' edo Ayusoren mezuetan oinarrituta egin nahi badu, Voxen populismoarekin nahiko lotuta". "Eraginik izango balu", ohartarazi du bozeramaile jeltzaleak atzoko hauteskundeei buruz, "Legegintzaldia luzatzea eragin lezake, ikusiko dugu noiz arte, uste baitut PSOEk eta Podemosek ahalik eta jarraipen handiena ematen saiatuko direla". "Hauteskunde berriak egon litezke Madrilen Hauteskunde Orokorrak baino lehen", gaineratu du. Hori horrela, Estebanek PSOEri ohartarazi dio Pedro Sanchezen Gobernuaren alternatiba bat ez izateak ezin duela konformismoa, erlaxazioa edo utzikeria ekarri. EAJ-PNVk, behintzat, ez du halakorik onartuko Espainiako Gobernuko egungo presidenteak inbestidura-akordioan eta ondorengo izapide parlamentarioetan hartutako konpromisoei dagokienez. "Taktizismoak uzteko esan behar zaio PSOEri. Egin behar duena da gai praktikoak lantzea, eskatzen zaizkion gaiak dira, atzerapenik onartzen ez dutenak", ziurtatu du.

Espainiako Gobernuak alarma egoerak behera egin bezain laster sortuko den egoera korapilatsu eta zalantzazkoa konpondu nahi duen dekretu berriaren inguruan galdetuta, Estebanek uste du hori dela "gobernatzea ez denaren" adibide argi bat. "Gobernuaren asmoa da Auzitegi Gorenak legeak egitea. Auzitegi Gorenak zer kutsatze-kopurutatik abiatuta neurri jakin batzuk hartu behar diren esatea nahi duzue? Hori ez du egingo, erokeria litzateke", esan du. Estebanek berretsi du ahalmen legegileak autonomia-erkidegoen esku egon beharko lukeela, baina ohartarazi duenez, "Legedia dagoen bezala, alarma-egoera da posible den modu bakarra. Nahiago nuke beste formula batzuk baleude, baina ez". Azkenik, ordezkari jeltzaleak deitoratu egin du "kanpaina turistikoaren urgentzia" izan dela (kanpaina horrek Espainiako ekonomian izan duen eragina ez du ukatu) alarma egoera ez luzatzeko erabakia bizkortu duena, aukera hori "arinegi" egin delako, "gaur egun txertaketa maila Estatuan dagoen bezala".

PARTEKATU