EAJ-PNVk Espainiako gobernuari eskatu dio Brexitaz geroztik Ipar Irlandan bakea babes dezala

Luke Uribe-Etxebarria senataria kezkatuta agertu da azken asteotan eman diren gertakariak direla eta, eta solaskidetzari eta akordioei eustea eskatu du

EAJ-PNVk Espainiako gobernuari eskatu dio Brexitaz geroztik Ipar Irlandan bakea babes dezala 27Apirilak
2021
2021 ApirilaK 27 |
Berria
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Luke Uribe-Etxebarria EAJ-PNVko senatariak Espainiako gobernuari eta EBri eskatu  die “Brexitaz geroztik Ipar Irlandako bakea babes eta berma dezatela”, “1998ko Ostegun Santuko Akordioaren babesle” den aldetik. Gaur arratsaldean, Senatuaren Osoko Bilkuran, Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko Merkataritza Akordioari buruzko ahozko galdera bat egin diote Arancha Gonzalez-Laya Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroari, eta, bertan, senatari jeltzalea kezkatuta agertu da "azken asteetako istilu larriengatik" eta "Erresuma Batuko Gobernuak Ipar Irlandan bakea mehatxatzen duten zenbait erabakirengatik".

"Demokrazia, giza eskubideak, Europako herrien arteko errespetua eta errekonozimendua lortzeko proiektua da EB, eta, beraz,  baita bakea, bizikidetza eta aurrerapen ekonomiko eta soziala lortzeko nahia ere", gogora ekarri du Uribe-Etxebarriak. Dena dela, kritikatu duenez “hamarkadatan EBren kontraesan larria izan da printzipio eta helburu horiek aldarrikatu dituen arren, ez duela  jardun Europako lurraldean , lurralde propioan,  eman diren gatazka politikoetan, horietako asko indarkeria eta terrorismo praktikek kutsatuta egon diren arren”. “Barne gaitzat jo ditu”, deitoratu du. “Irlandako kasua izan da nagusiki, baita Euskadikoa ere, non oraindik ere batzuek gertatutakoaren kritika etiko eta gizatiarra egitea  espero dugun, hiltzea eta giza eskubideak urratzea gaizki egon zela esateko, besterik gabe”.

Ildo horretan, EAJk Senatuan Atzerriko eta Europako Gaietarako duen bozeramaileak azpimarratu duenez, "Ipar Irlandan, George Mitchell Ipar Amerikako senatariaren bitartekaritza izan zen 1998ko Ostiral Santuko Akordioa modu erabakigarrian erraztu zuena". "Akordio hari esker, besteak beste, Dublinek uko egiten zion Ipar Irlanda bere lurraldean sartzeko asmo konstituzionalari, eta Londresek, berriz, Ipar Irlandak Erresuma Batuarentzat interes estrategikorik ez zuela ezartzen zuen", gaineratu du. "Horrek esan nahi du Ostiral Santuko Akordioak Ipar Irlandaren esku uzten duela euren etorkizunari buruzko erabakia, horixe defendatzen dugu eta bat dator Europako Batasunaren printzipioekin eta balioekin", azpimarratu du.

Horregatik guztiagatik, senatari jeltzaleak  zera eskatu  dio ministro andreari: “Europarrak zareten aldetik, zure Gobernuak eta EBk erabakitasunez jardun ezazue, eta Ipar Irlandan bakea zaindu, babestu eta berma ezazue, Ostiral Santuko Akordioaren zaindariak zareten aldetik". Era berean, Uribe-Etxebarriak eskatu du "Erresuma Batuak fede onez joka dezala eta Brexitaren esparruan sinatu dituen akordioak erabat aplika ditzala, hala nola Irlandari buruzko protokoloa, Europar Batasunetik erretiratzeko Akordioa, bake prozesua arriskuan jartzen duten erabakiak hartzea saihestuz".

Amaitzeko, senatariak  adierazi du espero duela “tentsio larri horiek amaitzea eta Ipar Irlandako Asanbladan ordezkatuta dauden alderdiek, egoera delikatu  honen aurrean, solaskidetzari eustea eta indarkeriak ez dezala sekula elkarrizketa ordezkatu”.

Interesatu Zaitez