Estatutuaren erreforma "izozteko" PSE-EErekin ituna egin izana ukatu du Ortuzarrek: "Autogobernu lantaldeari ahal bezain laster helduko zaio berriz ere"

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak “zentzugabekeria” jo du aisialdiko nazioarteko bidaiak baimentzea, eta iragarri du EAJ-PNVk “ekin eta ekin jardungo duela Estatuaren lotsaizunak- hauen artean Zabalza auzia- estaltzen dituen Sekretu Ofizialen lege anakronikoa aldaraztea lortu arte”
24 Martxoa | EBB

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak erantzun biribila eman du azken egunotan hedabide batzuek argitaratutakoaren harira EAJ-PNVk eta PSE-EEk Autogobernu lantaldea “izoztea” erabaki ote duten galdetu diotenean. “Ez, ez da egia. Ez dago halako akordiorik”, adierazi du jeltzaleen buruak. Gaur goizean Onda Vascari egin zaion elkarrizketan, Ortuzarrek baieztatu duenez “legebiltzarreko beste gaiekin gertatzen diren moduan”, marko estatutario berri bat sortzeko lanak “mugatuta geratu dira gaur egungo pandemia egoeran. Legebiltzarreko osoko bilkuretara ere legebiltzarkideen erdia joan ohi dira, gainerakoek telematikoki parte hartzen dute. Batzordeak salbuespen egoeran daude, eta baldintza horietan Legebiltzarreko jarduera goitik behera eraldatuta dago”, esan du “baina ez dago itunik Estatutuaren aldarazpena kaxoi batean sartzeko edo izozteko. Lantalde bat dago, aurreko legealditik datorrena, eta deitu beharko da, ahal denean, lanei berriz heltzeko”.

EBBko buruari galdetu diote aisialdiko nazioarteko bidaiak justifikatuta daudela uste ote duen, Donostian eta beste hainbat hiritan egiaztatu den fenomenoa. “Argi eta garbi ez”, esan du. “Ez dauka zentzurik autonomia erkidego batetik bestera senideak bisitatzera ere joateko aukerarik ez dugun egoera honetan, Parisetik ezdakitnora joateko aukera izateak. Zentzugabekeria bat da eta konpondu behar da. Europako legeria hain konplexua izateak dakartzan ondorioetako bat da. Batasuna gara, baina konfederazio bat gara eta Estatuek gauza batzuk eurentzat hartzen dituzte, beste batzuk komunitatean daude… Krisi honetan Europako Batasunari jostura batzuk urratu zaizkio. Gauza batzuk ondo daude eta Europaren erantzuna Estatuz Estatu eman zitekeena baino sendoagoa izan da, baina beste gauza batzuk daude diren modukoak izan behar ez direnak, eta horietako bat dira aisialdiko bidaiak. Europako legeria komun bat behar dugu halako kontraesanak edo ondorio txarrak sahiesteko”.

Ortuzarri ere galdetu diote Euskal Taldeak Kongresuan eta Senatuan Mikel Zabalzaren auziaz eta eman diren azken argibideez etengabe egin dituen galderez, zeintzuei erantzunik eman ez baitzaien. “Behin eta berriz eskatuko dugu gertakariak argitzea, Mikel Zabalzaren kasuan argi baino argiagoak direnak. Demokrazia oso batek ezin ditzake halako hutsuneak izan, ezin ditzake halako zulo beltzak izan. Eta Sekretu Ofizialen Lege anakronikoak ezin ditu Estatuaren lotsaizunak estali, eta horiek ez dira Estatuaren lotsaizunak, baizik eta Estatua eta Estatuaren indarra modu txarrean erabili zituztenena. Espainiako sistema demokratikoaren gaur egungo agintariei interesatu beharko litzaieke oroimen hori eta zerbitzu-orri hori garbitzea, sistema demokratikoaren indarra ere badatzalako zulo beltzak edo jarduera okerrak sistema demokratikoaren izenean argitzean eta garbitzean. Guk hor jarraituko dugu, ekin eta ekin, lege hori aldatu arte, dagoen moduan indargabetu arte eta mendebaldeko beste edozein demokraziaren pare egongo den Sekretu Ofizialen Legea egon arte”, erantzun du Ortuzarrek.

PARTEKATU