Ortuzar: “Madrilgo zaratak ezin gaitu Euskadirentzat garrantzitsuak diren gaietatik desbideratu: pandemia gainditzea, krisia borrokatzea eta Estatutua osatzea”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du espero duela Espainiako gobernuak bere hitza betetzea eta transferentziak gauzatzeko hitzeman zuen egutegia errespetatzea: “Udazkenean negoziatzen jarraituko ahal dugu, hauteskunde kanpainan egon beharrean”
18 Martxoa | EBB

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, argi dauka Espainiako politikan nagusi diren zarata eta gatazka ezin direla oztopo izan Euskadik bere erronka nagusiei erabakimenez heldu diezaien: Covid-19aren pandemia eta ekarri dituen ondorio ekonomiko eta sozialetatik onik irtetea eta Gernikako Estatutuaren betepena, zeinaren transferentzien azken egutegia bere faserik erabakigarrienean sartzekotan baitagoen. Herri Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, jeltzaleen buruak baieztatu du konfiantza duela eta espero duela Espainiako gobernuak hitzeman duen egutegi hori betetzea, lehen bultzada datorren asteotan emango zaiola eta bigarren fasea uda amaitutakoan. “Udazkenean negoziatzen jarraituko ahal dugu, hauteskunde kanpaina batean egon beharrean”, esan du Ortuzarrek.

EBBko presidenteak ez du ezkutatu atsekabetuta dagoela “Madrilgo politikagintza bihurtu den ikuskizuna” ikusita. “Atzo, Kongresuan, hiritarren ongizatea babestu behar den tokian, borrokan eta gatazkan baino ez ziren aritu. Iñigo Errejón eta Aitor Esteban kenduta, benetako gai garrantzitsuak planteatu baitzituzten, gainerakoa zentzugabekeria, zarata eta iskanbila hutsa izan zen”. Bere kezka ere ez du ezkutatu nahi izan. “Martxa honetan, legealdia amaitzeko posibilitatea ez omen da oso argia. Ikusi dugu Murtzian gertatu dena, Madrilen gertatuko denaren oihartzuna …. Pegarra iturrira hainbestetan eramanda, azkenean apurtu egiten da. Guretzat arduragabekeria hutsa izango litzateke begirada motzean eginiko kalkulu partidistengatik apurtzea itxaropen handiarekin hasi zen legealdia”.

Ortuzarrek ezegonkortasun horren adibidetzat jo du Pablo Iglesiasek Gobernua uzteko hartu duen erabakia, nora eta Madrilera joateko bere alderdia erreskatatzera. “Oraindik gogoan dut Pablo Iglesiasek nola azaltzen zuen Gobernuan egotea berari zegokiola, eta ez bere alderdiko besteri: bere presentziak bermatzen omen zuen legealdian politika sozialak egingo zirela, bere presentziarekin bermatzen omen zen PSOE politika aurrerakoietara bideratzea … Bada, grina horrek urte betea iraun dio eta Gobernu honek ez du gehiegi egin. Euskadiri dagokionez behintzat, hainbat gauza falta zaizkio”, esan du jeltzaleen buruak bere mezu nagusia azaldu baino lehen. “Zarata horrek guztiak gu ez desbideratzea nahiko nuke, batzuek eta besteek egin behar dugunetik ez aldentzea,alegia. Eta egin behar duguna, argi eta garbi, hiru gai garrantzitsutan oinarritzen da: lehenengo eta behin, pandemia honetatik ahalik eta ondoen ateratzea; bigarrenik, pandemiak ekarri digun krisi ekonomikotik ateratzea, eta horretarako oso garrantzitsua da Europako funtsen kudeaketa; eta, hirugarrenik, Gernikako Estatutua behin betiko garatzea eta bete gabe dauden transferentziak gauzatzea, prozesu hori amaituta autogobernurako marko berri batean pentsa dezagun XXI. menderako. Horren gauza garrantzitsuak mahai gainean, hika-mika horretan eta irain-borroka horretan ibiltzerik al dugu? Guztiz kontrakoa: burubelarri egon beharko genuke horiek hiru gaiak aurrera ateratzeko lanean murgilduta”.

Ohartarazpena eginda, Ortuzarrek adierazi du baikor dagoela Estatutuaren betepenari dagokionez: “Espainiako gobernuak hitzeman digu transferentzien egutegia bete egingo dela. Espero duguna da uda baino lehen transferentzien multzo esanguratsu bat izatea: Espetxeak, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera eta beste gai batzuk. Eta hori izan dadila udazkeneko negoziaketaren aurrekaria, eta ez dezagula hauteskunde kanpaina batetara joan behar hauteskundeak aurreratzea erabakitzen delako. Baikor izan nahi dut eta pentsatu nahi dut parentesi bat irekitzeko gai izango garela Madrilekiko harremanetan, zarata horretatik libratuko gaituen parentesia, horiek hiru gaiak aurrera atera ahal izateko, Euskadirentzat benetan garrantzitsuak direlako”.

Ortuzarri galdetu diote Espainiako gobernuak Sekretu Ofizialen Legea aldarazteko EAJk egin duen eskari historikoarekin erakutsi duen jarrera eskasagatik , Mikel Zabalzaren kasua eta beste batzuk argitzera begira Euskal Taldeak Grande-Marlaskari zentzu honetan egin zion interpelazioaren harira. “Zabalzaren kasua eta antzekoak deseroso egiten zaizkio hor jarraitzen duen Estatuaren parte batentzat”, esan du EBBko presidenteak. “Eztabaida bat dago Espainiako demokrazia osoa ote den ala ez. Munduko demokrazia guztiak hobetu ahal dira, eta Espainiako demokraziak ere hobetu beharra dauka. Herri honetan gertatu denaren inguruko oroimena berreskuratu behar dugu orrialdea pasatu ahal izateko eta orbandu gabeko zauriak utzi gabe. Zabalzaren familiak merezi du jakitea benetan zer gertatu zen, merezi du Mikelek bere izen ona berreskuratzea, herri honen gehiengo nagusiarentzat irabazita eta berreskuratuta duen zerbait. Baina Justiziak zerbait egin behar du bakoitza bere tokian jartzeko: torturatu eta hil zutenak, oso gaizki egin zutelako; torturatua eta eraila izan zena, egin ez zituen gauzak egotzi zitzaizkiona, bere izen ona eta ohorea lehengoratzeko”.

PARTEKATU