Josune Gorospek Darias Ministroari erreklamatu dio aurrea har dezala Espainiako estatuan kalamuaren erabilera terapeutikoa arautzeko

Kontrol bilkuran, diputatu jeltzaleak gure inguruko hainbat herrialdetan emaniko urratsak azaldu ditu, eta gogorarazi dio Gobernuak gai hau lideratu ezik, Euskal Taldeak egingo duela
17 Martxoa | Kongresua

Kontrol bilkuran, diputatu jeltzaleak gogora ekarri du Nazio Batuen Erakundeak, OMS erakundearen jarraibideak betez, kalamua Drogen Konbentzioaren IV. zerrendatik erretiratu zuela, iazko abenduan bertan sustantzia honen erabilera eta izan dezakeen potentzial terapeutikoa aitortuz. Testuinguru berean, diputatu jeltzaleak nabarmendu duenez “Europako parlamentuak denbora darama estatuei eskatzen ikerketa proiektuetan eta erabiltzeko programetan aurrera egin dezatela eskatuz” eta Portugalek, Alemaniak, Italiak eta Erresuma Batuak, besteak beste, aurrera egin dute "Kalamuaren erabilera medikorako sarbide-programaren batean", "beti medikuen ikuskaritzapean", gaineratu du. Hala, Gorospek Osokoan baieztatu duenez “zerrenda horretan programa zehatz batekin sartu den azken herrialdeetako bat Frantzia izan da”.

“Herrialde hauetan guztietan lan serioa egiten ari dira eta ebidentziak eta alderdi teknikoak zorroztasun osoz aintzat hartzen ari dira”, laburbildu du Gorospek, Ministro andrearen beraren hitzak gogora ekarriz. “Zergatik da herrialde horietan guztietan gaixoak halako programetan sartu ahal direla beren gaixotasunen sintomak arintzeko, eskubideekin, berme guztiekin eta medikuen gainbegiradapean, eta, bien bitartean, Espainiako estatuan itsu-itsuan doazela gaur egun dagoen hutsune legalagatik?”, galdetu du Gorospek.

Horregatik, diputatu jeltzaleak Osasun Ministro andreari ohartarazi dio Espainiako gobernuak Estatuan kalamuaren erabilera terapeutikoa arautzeko jarduna lideratu ezik, Euskal Taldeak ekimen politikoak bultzatuko dituela, besteak beste Azpibatzordea sortzeko eskaria eginez, dagoeneko erregistratuta dagoena, epe laburrean Osasun Batzordean eztabaidatuko dena.

PARTEKATU