Aitor Esteban: “Azken urteotan, Espainiako politikagintza mugatu da `Stratego´ partidak jokatzera”

Euskal Taldeko bozeramaileak aditzera eman du Cs, PSOE, PP, Podemos eta Más País taldeen mugimenduek “beren interes partidistei” erantzuten dietela, eta deitoratu duenez “bazter batean uzten dira gauzak zertarako egiten diren eta gaurkoa moduko egoera kezkagarrian denek partekatu behar dituzten gutxieneko helburuak”
16 Martxoa | Kongresua

Aitor Estebanek, Euskal Taldeak Kongresuan duen bozeramaileak, azken egunetako gertaera politikoak baloratu ditu gaur, PSOEk eta Ciudadanosek Murtzian iragarritako zentsura mozioaren ondorioz; izan ere, hauteskundeak aurreratu zituzten Madrilen, eta Pablo Iglesias Gobernutik atera zen atzo. “Nire sentsazioa da Espainiako politikagintza, azken urteotan, `Stratego´partida bat jokatzera mugatu dela, eta jokozale asko daude aspertu egiten direnak fitxak mugitzen ez direnean”, baieztatu du.

Diputatuen Kongresuan bertan eskaini den prentsaurrekoan, Estebanek esan du Cs, PSOE, PP, Podemos eta Más País taldeen mugimenduek “beren interes partidistei” erantzuten dietela, “politika sakonarekin” inolako zerikusirik izan gabe. Ildo beretik Estebanek deitoratu duenez “bazter batean uzten da gauzak zertarako egiten diren, baita gaurkoa moduko egoera kezkagarrian alderdiek partekatu behar dituzten gutxieneko helburuak ere”. Hala esan du ez dela “oso positiboa” gaur egungo ezegonkortasun politikoa, bereziki krisi ekonomikoan eta pandemia egoeran, eta Europako Funtsak jaso gabe.

Pablo Iglesias Gobernutik irteteak koaliziokideen arteko harremanei nola eragin diezaiekeen galdetuta, Estebanek bigarren presidenteordearen mugimendua kokatu du "dagoeneko lausotzen hasi den koalizioa txikitzeko asmoaren baitan", baina gaineratu du Gobernuaren egonkortasuna ez dagoela soilik PSOE eta Unidas Podemosen esku, baita hori babesten duten bazkideen esku ere. "Patata bero bat dago Katalunian, eta gehiengo egonkor bati eutsi nahi bazaio, Gobernuak hori konpondu beharko du". Ildo horretan, Espainiako Gobernuaren etorkizunari begira, kontu hau “Iglesiasen gaia baino garrantzitsuagoa" izan daitekeela uste du.

Hain zuzen ere, ERC, Junts, PdeCat eta CUP taldeek gaur Kongresuan erregistratu duten Amnistiaren Lege Proposamenari buruz hitz egin du Estebanek; izan ere, EAJ-PNVko diputatuek "ustez" babestu egingo dute proposamena. "Kataluniako agintari politikoen egoera normalizatzen ez dugun bitartean, ezer gutxi egin ahal izango da akordio bat lortzeko", ziurtatu du.

PARTEKATU