Euskalduna Jauregian egingo duen ekitaldi politiko batekin ospatuko du EAJ-PNVk Aberri Eguna

Talde jeltzaleak apirilaren 4an Bilbon egingo duen Ohiko Aberri Batzarraren barruan egingo da ospakizuna
Euskalduna Jauregian egingo duen ekitaldi politiko batekin ospatuko du EAJ-PNVk Aberri Eguna
15 Martxoa | EBB

90 urte beteko dira aurten. EAJ-PNVk apirilaren 4an ospatuko du Aberri Eguna, Euskal Aberriaren egun handia, talde jeltzaleak 1932ko martxoaren 27an inauguratu zuen ospakizuna. Iazko parentesiaren ondoren, Covid-19aren pandemiari aurre egitea xede itxialdi orokorra ezarri zelarik eta Aberri Eguna telematikoki eta sare sozialen bidez ospatu behar izan zelarik, Aberri Eguna era presentzialean ospatuko du aurten EAJ-PNVk. Hamarkadatan ohitura bihurtu den ospakizunean ez bezala, ezin izango du alderdikide eta alderdizaleekin ospatu, indarrean dauden osasun gomendioek ez baitute halako ospakizunik gomendatzen. Ekitaldi politikoa bai egingo du,ordea, alderdi jeltzaleak apirilaren 4an, 9:30etik aurrera Euskalduna Jauregian egingo duen Ohiko Aberri Batzarraren baitan.

EAJ-PNVren Aberri Estatutuek ezartzen dute urtero, urteko lehen hiruhilekoan, Ohiko Aberri Batzarra egin behar dela. Aurtengo Aberri Eguna apirilaren 4an izango denez, Euzkadi Buru Batzarrak Aberri Batzarreko Mahaiburuari, Herrialdeetako koordinatzaileei eta Euzkadiz kanpoko erakundeetako ordezkariei proposatu zien 2021eko lehen hiruhilekoan egin beharreko Aberri Batzarra lau egun atzeratzea, salbuespen gisa, aste betean bi topaketa egin beharrik ez izateko. Proposamena onartua izan zen eta batzar honetako ordezkariek apirilaren 4an egingo den Aberri Batzarrean berretsiko dute. Aberri Eguna ospatzeko borondateak eta gaur egungo pandemia egoeran gaudela ospakizun hori segurtasun osoz eta era arduratsuan egiteko beharrak eragin du aurtengo ospakizuna Aberri Batzarraren barruan egitea erabakitzea. Aberri Batzar hau da EAJ-PNVren organo gorena, eta bere batzarkideak dira alderdikide jeltzale guztien ordezkari legitimoak; beraz, alderdikide guztiak ordezkatuko dituzte apirilaren 4an egingo den ekitaldian. Exekutiba jeltzaleak bermatuko du ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izatea talde jeltzalearen web gunearen eta sare sozialen bidez, eta seinalea zuzenean emango die hala nahi duten hedabideei.

Ohikoa denez, EAJ-PNVk alderdikideak eta alderdizale guztiak animatu nahi ditu apirilaren 4an Ikurrina jar dezatela beren etxeko balkoietan. Era berean animatu nahi ditu, Euskal Aberriaren egun handia ospatzeko, osasun eta segurtasun guztiak betez eta era arduratsuan egingo diren ekitaldietan parte hartzera.

PARTEKATU