Aitor Estebanek iragarri du Grande-Marlaskari Mikel Zabalzaz interpelatuko diola: “Ikaragarria iruditzen zait Espainiako gobernuak beste aldera begiratzea”

Onda Vascan egin dioten elkarrizketan, Euskal Taldeko bozeramaileak aitortu du “nolabaiteko lurrikara sentsazioa” bizi dela Madrilen Murtzian zentsura mozioa iragarri denez geroztik, baina baztertu egin du Kongresuko gehiengoetan berehalako ondorioak ematea

Aitor Estebanek iragarri du Grande-Marlaskari Mikel Zabalzaz interpelatuko diola: “Ikaragarria iruditzen zait Espainiako gobernuak beste aldera begiratzea”  12Martxoa 12 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak Grande-Marlaska ministroari Mikel Zabalzaz interpelatuko dio datorren asteazkenean egingo den kontrol bilkuran, eta horrek eragingo du hurrengo asteartean mozioa aurkeztea. Gaur goizean konfirmatu du Onda Vasca irratian, Gobernuak “beste aldera begiratzea” “ikaragarri” jo ondoren, aste honetan bertan gauza bera egin duela nabarmenduz Imanol Landa EAJko senatariak gai honen inguruan galdera berbera egin zuenean.

Estebanek aipatu duen interpelazioa atzo erregistratu zuen Euskal Taldeak eta formulatu egin da Juan Alberto Perote CESIC-eko orduko koronelaren eta Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren audioak publiko egin direnez geroztik. Elkarrizketa horietan biek aitortu zuten Mikel Zabalza hil egin zela Intxaurrondoko kuartelean torturatua izan zenean. Testuinguru horretan, Aitor Estebanek Grande-Marlaskari interpelatuko dio eta eskatuko dio azaltzea Gobernuak zer neurri hartuko dituen Mikel Zabalza Gárateren heriotzaren egia argitzea begira.

“PPren aldetik eta eskuineko taldeen aldetik etengabe erreklamatzen da ETAren atentatuak argitzea, eta erabat zuzen eta egoki jotzen dut, baina uste dut argitu behar direla baita gehiegikeria polizialak edo talde parapolizialen jarduna ere; esate baterako, Aldana Tabernaren edo García Goenaren kasuak ere ikertu behar dira. Ebidentziak ikusita, Gobernuak zerbait egin beharko luke, beste gauza batzuen artean gauzak argitzen lagunduko lukeen isilpeko materiala desklasifikatu ahal duelako. Demokrazia oso batek hala jardun beharko luke”, baieztatu du.

Beste alde batetik, aste honetan Murtzian, Madrilen eta Gaztela eta Leonen ezagutu diren mugimendu politikoek ekarriko dituzten ondorioez galdetuta, Estebanek esan du ez direla Kongresuko gehiengoak aldatuko, momentuz ez, behintzat. “Ciudadanosek kolaboratuko duela eta gaur egungo Gobernuaren egonkortasunari lagunduko diola pentsatzea, asko esatea da”, nabarmendu du. Edozein kasutan, esan duenez “PSOEk nahiko luke Parlamentuan beste aukera bat izatea”, baina berretsi duenez “gaur gaurkoz Ciudadanos ezin da kide fidagarria izan” Sánchezen Gobernuarentzat.

Amaitzeko, bozeramaile jeltzalea poztu egin da atzo bertan Nafarroako parlamentuan Trafikoaren transferentzia gauzatuko dela ezagutzera eman ondoren, Blanca Regúlez Geroa Baiko parlamentari andreak eginiko galderari erantzunez, eta baikor agertu da “epe labur-ertainean” EAEra transferituko delako pendiente dauden eskuduntzen lehen multzoa.

Interesatu Zaitez