Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko Espainiako Gobernuak zer neurri hartuko dituen galdetu dio EAJ-PNVk Grande-Marlaskari

Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zela aditzera ematen duten grabazioak argitaratu ostean, Imanol Landak Fiskaltza aktibatzeko eskatu dio Barne ministroari, auzia berriz irekitzeko eta kasuaren espedienteak desklasifikatzeko.
Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko Espainiako Gobernuak zer neurri hartuko dituen galdetu dio EAJ-PNVk Grande-Marlaskari IKUSI BIDEOA
09 Martxoa | Senatua

Imanol Landak Fiskaltza aktibatzeko eskatu dio Barne ministroari, 1985ean Mikel Zabalzaren heriotzaren harira artxibatutako auzia berriro martxan jar dezan. Gobernuaren kontrol saioan egindako galderan, kasuari dagozkion espedienteak desklasifikatzeko ere eskatu du, behin betiko argitu, ikertu eta dagozkion erantzukizunak har daitezen. “Bada garaia Intxaurrondoko kuartelean gertatutako giza eskubideen urraketen gertaera argitu gabeak hamarkada batzuk geroago oraindik eragiten duten zauri hau sendatzeko”, esan du Landak, gazte nafarra Guardia Zibilaren egoitzan torturatuta hil zela aditzera ematen duten grabazioen harira.

Ministroak Zabalzaren heriotza argitzeko ardura esparru judizialera eraman du, baina ez du bere gain hartu senatari jeltzalearen eskaeretako bat ere, kasuaren espedienteak desklasifikatzeari eta Fiskaltza aktibatzeari dagokionez, hura argitzeko, behin betiko ikertzeko eta egon litezkeen erantzukizunak argitzeko. Senatari jeltzaleak argi utzi du "ezin dela zalantzan jarri Estatuak segurtasun indarren jokabidean duen erantzukizuna", eta gaitzetsi egin du Estatuko Fiskal Nagusiak ere ez ziola erantzun Zabalza auziari buruzko egia argitzeko hartuko dituen neurrien inguruan galdetu zionean joan den otsailaren 23an Senatuko Justizia Batzordean. "Ez egin berak bezala, ez zaitez ezkutatu eta har ezazu behingoz zezena adarretatik. Zer neurri hartzeko asmoa du Gobernuak?", berretsi du.

Bere galderan, senatari jeltzaleak Orbaizetako eta Iruñeko udaletako indar politiko guztiek eta Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzionalen bidez aho batez eskatutako “exijentzia" helarazi nahi izan du Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko. Imanol Landak gogoan izan du, baita ere, gaztearen familia, "35 urte luze eta mingarriak daramatza senidearentzako egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen", eskubide horiek biktima guztientzat eskatuz. "Ez dira aukera bat, betebehar saihestezina dira bere burua Zuzenbide Estatu Demokratikotzat duen ororentzat", azpimarratu du. "Gogoratu Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere hamaika aldiz zigortu duela Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik, eta jokatu ezazu horren arabera. Justizia kontua da, baita oinarrizko gizatasuna ere", azaldu dio ministroari.

PARTEKATU