Txertoen etorrerari buruzko “ziurtasunak” ematea eskatu die Estebanek Sánchezi eta EBri, Autonomia Erkidegoek “planifikazio zuzena” egiterik izan dezaten

Diputatuen Kongresuan pandemiaren bilakaeraren eta bere kudeaketa politikoaren inguruan gaur goizean egin den osoko bilkuran, Euskal Taldeko bozeramaileak “are segurtasun juridiko handiagoa” eskatu du Autonomia Erkidegoentzat, bai eta hiritargoari “azken ahalegina egitea, erakundeen aldetik epe ziur eta zehatzekin erantzun beharko dena”
24 Otsaila | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, Sánchez Presidenteari eta Europako Batasunari, txertoen kudeaketaren eta abian jarri beharreko estrategiaren erantzule diren heinean, “ziurtasunak” eskatu dizkie “Autonomia Erkidegoek planifikazio zuzena egiterik izan dezaten”. “Ezin dute egin, informazioa bi aste geroago jasotzen badute, are gutxiago estrategia erabaki ahala aldatzen bada”, azpimarratu du.

Kongresuan pandemiaren bilakaeraren eta bere kudeaketaren inguruan egin den osoko bilkuran, non Espainiako gobernuko presidenteak hitz egin duen, Estebanek aitortu du txertaketan “asko aurreratu dela” Ganberan azken bilkura egin zenean egoera nola zegoen kontuan hartuta, baina txertoak jartzeko orduan “osasun sistemak duen gaitasunaz” dauden zalantzak argitu nahi izan ditu. Edozein kasutan, ildo beretik kritikatu duenez, batzuetan komunikazioak bideratu dira txertaketa “lasterketa” gisara planteatuta, eta horrek “Autonomia Erkidegoei presioa baino ez die eragiten, haiek baitira txertoa jartzen ari direnak eta estrategia abian jartzen ari direnak”.

Pandemiaren kudeaketaren kogobernantzari buruz egin den eztabaida berean, Estebanek hitz egin nahi izan du hainbat Autonomia Erkidegok, hauen artean Euskadikoak egin duten erreklamazioaz “tresna juridikoak berrindartzeko”, alarma dekretuan egokitzapena eginez. Gai hori ez du Espainiako gobernuak orain arte jorratu. “Nik uste dut gehiengo bat adosteko saiakera egin beharko zela neurri horiek babesten zituzten alderdiekin, besteak beste etxeratze-aginduaren inguruan”, esan du. Eta “are segurtasun juridiko handiagoa” erreklamatu du neurri batzuk jarri ahal izateko Auzitegiek, hauen artean Euskadiko Auzitegi Gorenak, Eusko Jaurlaritzaren neurrien kontrako ebazpena eman duenez geroztik. Bien bitartean, beste Autonomia Erkidegoetan antzeko neurriak Auzitegiek hartu eta erabaki dituzte.

Beste alde batetik, Estebanek egoki jo du Europak txertoen erosketa “bateratuta” negoziatu izana, baina esan du “oso txarto” egin dela kontratuen terminoei dagokionez “obskurantismo nabarmena baitago”. Zentzu berean baieztatu duenez “helburua izan beharko litzateke Bruselak hitzemandako txertoak exijitzea, sare industriala dinamizatzea produkzioa handitzeko eta ikerketa sustatzen jarraitzea, oso garrantzitsua delako etorkizunera begira eta sortuko diren aldaeren jarraipena egiteko”.

Hain zuzen ere, aldaera berriei eta beren hedapenari dagokionez, Estebanek bere kezka adierazi du Barajasen eta antzeko beste aireportuetan bidaiarien nazioarteko trafikoan egiten diren kontrolei buruz “aldi berean Autonomia Erkidegoen eta, Euskadiren kasuan bezala, udalerrien arteko mugimenduak murrizten direnean”. Horregatik erreklamatu du “egoeraren are azterketa zabalagoa” egitea.

Bozeramaile jeltzaleak era berean azpimarratu nahi izan du Europako esparruan antzeman den “arazo praktikoa”, bere ustez “konpondu beharko litzatekeena”, hau da, garraiolarien egoera, tokian tokiko hizkuntzan edo ingelesez eginiko PCR negatiboaren egiaztagiria exijitzen baitzaie. “Gertatzen ari den zerbait da, eta gaztelaniazkoa ez da onartua izaten ari”, ohartarazi du. Horregatik, Europari eskatu dio “mezu bat bidaltzea” Europako Batasuneko hizkuntza ofizial guztietan idatzitako PCR negatiboak aitortzeko, Europako Parlamentuko diputatu jeltzale Izaskun Bilbaok berrikitan egin bezala.

Amaitzeko, Estebanek bere poza adierazi du azken datuen arabera Espainia ez delako arrisku larrian aurkitzen, baina era berean ohartarazi duenez, ZIUetan dauden gaixoen kopuruak “altu” izaten jarraitzen du. Zentzu berean exijitu du Aste Santuari buruzko debatea “bertan behera uztea” eta Espainiako gobernuari eskatu dio “existituko ez balitz bezala lan egitea eta planifikatzea. Bestela egoerak atzera egiten duela ikus baikenezake”, baieztatu du.

Testuinguru berean aitortu duenez “aldi luze eta aspergarria izaten ari da, egoera konplikatua, denon aldetik zuzen egiten ari diren gauzekin eta hutsegiteekin”, eta zartako gogorra jaso duten sektoreez hitz egin du, besteak beste ostalaritzaz, eta “ikuskiezin” bihurtu diren besteez. Horregatik esan du “kezkagarri” jotzen duela txertaketak hasi direnetik norbanakoen diziplinan antzeman den lasaitzea, jarrera batzuk guztiz “erabat onartezin” jo dituelarik. Zentzu berean erreklamatu du “denon artean azken ahalegin bat egitea, eta erakundeen aldetik ahalegin horri erantzun behar zaio epe ziur eta zehatzak emanez”.

PARTEKATU