Xabier Agirre: toki orotako abertzalea, politikagintzaren aurreskularia.
Andoni Ortuzarren artikulua

Goizegi joan zaigu Xabier Agirre, ondo merezitako erretiroa gozatzeko ia aukerarik izan gabe. Xabier dena izan da Arabako politikagintzan, baita Euzko Alderdi Jeltzalean ere. Militante ausarta klandestinitate garaian, EBBko burukide trantsizio garaiko urterik gogorrenetan eta Alderdiaren eszisio garaian, Araba Buru Batzarreko presidente, Eusko Legebiltzarkide… Xabierrek toki eta ardura guztietarako abertzale gisa izan dituen erantzukizunetako batzuk baino ez dira. Baina ez bakarrik barruko esparru politikoan, baita instituzionalean ere: Xabier Arabako Ahaldun Nagusi izan zen laurogeigarren hamarkada gatazkatsuan, Eusko Jaurlaritzan Herrizaingo Sailburuorde gisa lan egin ondoren. Euskadin gutxi dira berak egin duena moduko ibilbide politiko luze eta oparoa egin dutenak. Eta horren anitza, gainera. Horregatik diot toki orotako abertzalea izan dela
Xabier Agirre: toki orotako abertzalea, politikagintzaren aurreskularia.<br/>Andoni Ortuzarren artikulua
13 Otsaila | EBB

Lehenengo eta behin, abertzalea. Xabier abertzale klasikoa zen, apaingarririk behar ez duten horietakoa. Abertzale petoa, bihotzez eta buruz. Kausa abertzalearekin konpromiso irmoa hartu zuen klandestinitatean, frankismoaren azken urteetako errepresio gogorreko urteetan. Eta, garai hartan, beste alderdi batzuetatik iraultzarako deiak entzun zitezkeen arren, Xabier militante antifrankista izan zen eta argi baino argiago izan zuen Euskadiren etorkizuna EAJren lumarekin idatzi beharko zela. Toki orotako abertzalea, bai, Xabier beti egon delako prest gure Alderdiak eskatu dion guztiari baietz esateko, Alderdiaren beharrak bere asmo pertsonalen edo bere interesen gainetik jarriz. Militantzia luze eta oparoan behin eta berriro erakutsi zuen bere gaitasun politikoa eta bere adorea ezbeharrei aurre egiteko orduan. Gogoan dut eszisio garaian egin behar izan zuen lan konplikatua, EBBren bozeramaile izendatu zutenean. Ironia fina erakutsiz esan ohi zuen bozeramailea baino, ‘zarataeramailea’ zela bera (‘portagritos’ esan ohi zuen). Garai hartakoa da gure arteko adiskidetasuna, gaur arte iraun duena.

Gogoko nituen bere umore ona, bere baikortasuna eta egoera latzei eusteko gaitasuna. Jarrera berbera erakutsi du gure ondotik goizegi eraman duen gaixotasun latz horren aurrean. Asko eta asko izango gara faltan botako dugunak. Familiak lehenengo, jakina. Gogoan dut astelehenetan EBBko bazkarietan kontatzen zizkigula Mari Paz emaztearekin Llosako erromanikotik egiten zituen ibilaldiak. Lagunek ere, bidelagun izan ohi zituenak Euskadiko edozein txokotara joateko edo igandeetan Santa Teodosiara igotzeko eta bere ‘hamaiketako famatuak’ gozatzeko. Faltan botako dugu Euzko Alderdi Jeltzalean, bere beste familia honetan. Gure Alderdian beti izango du txoko berezi bat. Gure etxean dena izan da, Alderdia gaur dena eraikitzen lagundu zuenetako bat izan zelako, Arabatik, baina nazio ikuskera batekin. Baina, toki orotako abertzale izateaz gain, erakundeetako goi ordezkari izateaz gain, Xabier dantzari trebea ere izan zen, dantzari fina, dantzan ikusteko aukera izan genuenontzat. Eta dantzarako zituen trebezia eta dotorezia horiek eraman zituen esparru politikora.

Toki orotako abertzalea, politikaren aurreskularia, Euskadik eta EAJk bere erreferente politikoetako bat galdu du gaur. Ez adiorik Xabier, egun handira arte!

Andoni Ortuzarren artikulua

PARTEKATU