Aitor Esteban: “O-14az geroztik Espainiak argi baino argiago izan beharko luke gai bat itxi gabe daukala oraindik: Nazio auzia Euskadin eta Katalunian”

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak Margarita Roblesek Zaldibarri buruz egin zituen adierazpenak gaitzetsi ditu, eta iragarri du datorren asteazkeneko kontrol bilkuran gai horri buruzko galdera egingo zaiola
12 Otsaila | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, Espainiako gobernuari eskatu dio igandean Katalunian egingo diren hauteskundeen ondoren hel diezaiola behingoz Euskadirekin eta Kataluniarekin “itxi gabe daukan gaiari”, auzi politikoari, eta “irtenbide politikoekin” egin ditzala “eta ez pertsonak espetxean sartuaz”.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Estebanek gaur egungo gai nagusien birpasa egin du,hauen artean Defentsa Ministro andreak Zaldibarren gertatu zen luiziaren inguruan egin dituen adierazpenak, eta adierazpen horiei hitz gogorrez erantzun nahi izan die. Margarita Roblesen baieztapenak ezagutu bezain laster egin zuen moduan, Estebanek gaur ere aitortu du “haserre” dagoela, bere hitzetan “berak nirekin izandako elkarrizketa batean aitortu baitzuen ezin zela egin zena baino gehiago egin, luizi berriak gertatzeko arriskua zegoelako”. “Zertara dator oraingo hau? , galdetu du Estebanek. “Bilatzen zenuena bazen, Espainiako gobernuak Euskadin duen ordezkariak esan bezala, eraso egoera batean, Indar Armatuak babestea, bila itzazu beste adibide batzuk, baina ez zuk zeuk esan bezala inolako zentzurik ez zuen zerbait. Memoria txarra da edo ez dakit nik zertara datorren”, esan du. Egoera berean, bozeramaile jeltzaleak iragarri du datorren asteazkenean Defentsa Ministro andreak kontrol bilkuran erantzuna eman beharko diola Euskal Taldeak gai horri buruz egingo dion galderari.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren kautelazko neurrien autoaz eta Garrido epailearen adierazpen polemikoez galdetuta, Estebanek esan du ez datorrela bat "epaile tertulianoaren figurarekin", izan ere, bere hitzetan, "Ez dago bi bidetatik batera joaterik". Estebanek ziurtatu duenez, zentzu horretan epaileak ez dira "edozein herritarrak bezalakoak, eta ezin dira etengabe iritziak ematen aritu. "Neutraltasun itxura desagertu egiten da epaileak adierazpen horiek tertulia batean egiten dituenean, epaia emateko bezperan", gaineratu du.

Azkenik, Esteban “harri eta lur” agertu da Anoetako EH Bilduko zinegotzia atzo bertan Covid-ari aurre egiteko neurriak `behin eta berriz´ urratzeagatik kargugabetu zutela jakin ondoren. “Non daude orain besteei eskatzen dizkieten arintasuna eta irmotasuna beraiek aitortzen dutenean neurriak behin eta berriro urratu direla eta azkenekoa duela bost egun izan dela?”, galdetu du.

PARTEKATU