Euskal Taldeak Kongresura eraman du Patxi Zamoraren kaleratzea

Iñigo Barandiaranek Espainiako gobernuari zuzendutako galdera sorta erregistratu du Zamora Iberiako hegaldi-laguntzailearen gaitasungabetze eta kaleratzearen inguruan, Guardia Zibilak "Inguru arriskutsuetatik gertu ibiltzea” egotzi ondoren
Euskal Taldeak Kongresura eraman du Patxi Zamoraren kaleratzea
05 Otsaila | Kongresua

Euskal taldeak galdera-sorta bat erregistratu du, Patxi Zamora Iberiako hegaldi-laguntzailearen kasuari buruz galdetzeko. Guardia Zibilaren mezu elektroniko bat jaso zuen 2018an, eta jakinarazi zion ukatu egin ziotela segurtasun-agiria berritzea, "inguru arriskutsuetatik gertu dagoen pertsona" zelakoan.

Diputatu jeltzaleak azaldu duenez, Guardia Zibilaren mezu elektronikoak aipatzen duen kategorizazioa, zeinak Patxi Zamora 31 urtetan hegaldi-laguntzaile gisa jardun ondoren honen desgaitzea eta kaleratzea ekarri baitzuen, "ez zen inoiz arrazoitua izan", eta gaineratu du ez zaiola eman “argitzeko, aurka egiteko edo zuzentzeko aukera”, eta horrek, bere ustez, "oinarrizko eskubideen eta lan-eskubideen urraketa nabarmena dakar, lan egiteko aukera kendu zaiolako, kaleratzea gertatu delako eta errugabetasun presuntzioaren eskubidearen erabilpen okerra egin delako”.

Patxi Zamora, hegaldi laguntzailea izateaz gain, “Kontuz” ustelkeriaren aurkako plataformaren bozeramaile eta ekintzaile ezaguna da, eta bere sasoian Nafarroako Aurrezki Kutxan gertatutako ustelkeria kasu bat salatu zuen.

Testuinguru horretan, eta urtarrilaren 21ean Garraio eta Mugikortasun arloko Idazkaritza Nagusiaren ebazpen bidez eguneratutako Abiazio Zibilerako Segurtasunerako Programa Nazionala erreferentziatzat hartuta, Barandiaranek gogora ekarri du duela gutxi "Europar Batasunak ohartarazi duela ezinezkoa dela datu pertsonalak jasotzen dituzten administrazio-fitxategiak erabiltzea aipatutako prozedura horren moduko prozeduretarako, non eta eraginpekoei ez zaizkien datuak babesteko erregelamendu orokorrean adierazitako bermeak ematen". Hori da Reynders komisarioak Izaskun Bilbao Europako diputatu jeltzaleak gai horri buruz egin zuen interpelazio bati emandako erantzuna.

PARTEKATU