Aurrera egingo du Euskal Taldeak proposatu duen Mozal Legearen erreformak

Osoko bilkurak gehiengo nagusi batez errefusatu du PPk EAJ-PNVren aldarazpen testuari aurkeztu dion osoko zuzenketa
04 Otsaila | Kongresua

Euskal Taldeak proposatu duen Mozal Legearen aldarazpenarekin jarraitzea babestu du gaur Kongresuak. Gaur goizean egindako osoko bilkuran, gehiengo zabal batek errefusatu egin du PPk EAJ-PNVren testuari aurkeztutako osoko zuzenketa, horrela, BOEn onartu arteko bidean beste urrats bat ematea lortu baitu.

Osoko bilkuran egindako agerraldian, eta PPren osoko zuzenketa atzera bota ostean, Mikel Legarda diputatu jeltzaleak lantaldeko lanak "laster" hastea eskatu du, Legea indarrean mantentzeko argudioak ez dituelako partekatzen. "Erreforma honi buruzko eztabaida geldiarazteko modu bakarra izango zen, XII. legegintzaldian luzaroan gertatu zen bezala, Kongresuko Mahaiak izapidea eragozteko lana egingo balu, zuzenketen epeak presaka luzatzeko asmoz, edo Batzordearen bidez, ez deituz. Espero dugu halakorik ez gertatzea”.

Legardak gogorarazi du, halaber, XII. legegintzaldian, lege hori erreformatzeko eratu zen lantaldeak, Euskal Taldearen testu berean oinarrituta, aurrera egin zuela nabarmen, eta, horregatik, Legebiltzarreko taldeak animatu ditu "espiritu berarekin" lan egitera, "Jakinik, balio gorena pluraltasuna duen demokrazia aurreratu batean inork ez duela bere jarrera guztiek onartzerik lortzen".

Era berean, diputatu jeltzaleak Mozal Legea erreformatzearen aurka agertu diren zenbait argudiori erantzun nahi izan die, Auzitegi Konstituzionalak bere epaia eman ostean. Legardak adierazi duenez, Auzitegi Konstituzionala "legegile negatiboa da, Ganbera hau konstituzioaren arabera nondik nora joan ezin den adieraziz, baina ez ditu zehazten botere legegileak interes publikoetarako egokien jotzen dituen politika publikoak, esparru konstituzionalaren barruan".

Euskal Taldeak era berean gogorarazi du bere lege-proposamenak funtsezko aldaketak proposatzen dituela 'Mozal Legea' izenekoaren 44 manutan, eta 3 azken xedapen jasotzen dituela, non aldatzen baititu biltzeko eskubidea arautzen duen 9/1983 Lege Organikoa eta atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoa, non mugako itzulketen "prozedura legezko eta eraginkorra" ezartzen baitu, giza eskubideei eta babesari buruzko nazioarteko araudia errespetatuz eta nazioarte mailan eskubideak babesten dituzten erakundeek behin eta berriz eginiko eskaerei erantzuna emanez.

Segurtasuna-eskubideak eta askatasunak binomioaren artean oreka bermatzaileagoa bilatze aldera, Euskal Taldeak uste du "lehentasuna eman behar zaiola oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen erabateko eraginkortasunaren aldeko interpretazioari, bereziki biltzeko eta manifestatzeko eskubideei, adierazpen eta informazio-askatasunei, askatasun sindikalari eta greba-eskubideari".

PARTEKATU