Adorea, lidergoa, aurrendaritza, sustraiak eta konpromisoa, 2020ko Sabino Arana Sariei atxikitako balioak

Aurten ere −dagoeneko 32 bete dira−, Sabino Arana Sarien urteroko ekitaldia egin du Sabino Arana Fundazioak eguerdian
Adorea, lidergoa, aurrendaritza, sustraiak eta konpromisoa,  2020ko Sabino Arana Sariei atxikitako balioak
31 Urtarrila | EBB

Gaurkoak zenbatuta, 180 pertsonak, elkartek eta erakundek jaso dute saria 32 edizio hauetan. Gizarteari zerbitzua emateko gaitasunagatik eta harekiko atxikimenduagatik nabarmentzen diren pertsonak, erakundeak eta kolektiboak ditugu horiek guztiak eta, aurten, ondokoak batu dira zerrendara: Remei Sipi idazle eta emakume afrikarren aldeko ekintzailea; José Barreira Euskadin bizi den industrialari galiziarra; Amaia Gorostiza enpresaburu eta Eibar Kirol Elkartearen presidentea; Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folklorista; eta Bilboko Mediku Zientzien Akademia.

COVID-19aren izurriteak eragindako osasun-krisiak baldintzaturik, aurtengo ekitaldia lekuz aldatu behar izan da. Arriaga antzokitik Sabino Arana Fundazioaren egoitzara. Hain zuzen ere, egoera hori dela eta, Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zarate andreak sarrera-hitzaldian esandako lehen hitzak elkartasun-, hurbiltasun- eta, batez ere, itxaropen-mezua zabaltzeko izan dira, Euskadin, Europan, mundu osoan, pairatzen ari garen pandemia honen ondorio latzenak pairatu dituzten eta pairatzen ari diren pertsona guztientzat.

“Bereziki, elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi nahi diegu maite izan duten pertsonaren bat galdutako norbanako eta familiei, egunero gaixotasun bihozgabe honen lazkeria pairatzen dutenei. Orobat, adinekoak gomutatu nahi ditugu beren-beregi, horiexek baititugu COVID-19aren ondorioek gehien zigortutakoak. Adineko pertsona horiek guztiek bizitzaren molde eredugarria eman digute. Den-dena sakrifikatzeko gauza izaten ari dira; izan ere, eurontzat, osasunari eustea pertsona maiteei berriro musuak eta besarkadak eman eta laztanak egiteko aukera emango dien bide bakarra da” nabarmendu du Zaratek.

Era berean, gure gazteria izan du hizpide presidenteak, “gutxiengo berekoi baten gizalegearen aurkako jarreragatik, erdeinatu, estigmatizatu eta seinalatua izan delako”. Bidenabar, esan beharra dago euskal gazteriaren gehiengo handiak eta solidarioak gutxi batzuen jokabide hori irmoki gaitzesten eta arbuiatzen dugu. Gaur, Sabino Arana Fundazioaren presidente gisa egin dudan lehen hitzaldi honetan, Euskadiko gazteen alde berba egin eta haien alde jokatu gura dut”.

“Horregatik, gazteak gogatu nahi ditut amore eman ez dezaten, etsiak har ez ditzan. Gazte arduratsuak, sutsuak, ekintzaileak eta solidarioak izaten jarraitu behar dugu. Birusa gure bizitza guztiz baldintzatzen ari da; baina pandemia honek ez digu gaztetasuna ostuko, ezta gure etorkizuna kenduko ere. Animo eta aurrera!”, azpimarratu du.

Era berean, Mireia Zarate saridunez jardun du eta euren balioak (adorea, lidergoa, aurrendaritza, sustraiak eta konpromisoa) nabarmendu ditu, bai eta horiei datxezkien idealak ere. Zarateren esanetan, ekitaldi honetako bi emakume, bi gizon eta erakunde honetan argiro antzeman ditzakegu “gaur pairatzen ari garen osasun-, gizarte-, ekonomia- eta sentimendu-krisi hau gainditzeko aukera emango diguten balioak”. Balio horiek berak aitortu dizkio Mireia Zaratek Juan Mª Atutxari, Sabino Arana Fundazioaren aurreko presidenteari, “Fundazioaren gorputz eta arimari”.

Remei Sipi: ADOREA

Hasierako hitzen ostean, Mireia Zaratek lehen sariduna jaso du, Remei Sipi, Afrikako emakumeen aldeko ekintzaile eta borrokalari nekaezina.

Remei Sipik saria partekatu nahi izan du Afrikako emakume guztiekin, bereziki, “euren eguneroko ahaleginen bidez, gure gizarteen etorkizuna handitzeko aukera ematen duten migratzaileekin; eta, oro har, gurekin ibili diren eta ibiltzen diren emakume guztiekin, gure errealitateak ikusarazten eta, guztien artean, gizartearen ikuspegitik bidezkoagoak eta berdinkideagoak diren jendarteak erdiesten laguntzen, gizarte horiek guztiak gure ekarpenei esker aberastu direla kontuan hartuta”

Halaber, bihotzez oroitu nahi izan ditu bidelagun izan dituzten baina dagoeneko ez dauden emakume guztiak, “oraindik ere hurbil-hurbil daudelako”. “Guztion ekarpenak batuta lortuko dugulako gizarte zuzenagoak eta solidarioagoak eraikitzea”, adierazi du hitzaldiaren amaieran.

José Barreira: LIDERGOA

Jarraian, Zaratek Jose Barreira hartu du, izatezko ekintzailea, Galiziako Atrave herrixkatik etorritakoa eta duela 40 urtetik Euskadin bizi dena. Besteak beste, garraioa, siderurgia, hodiak, logistika, energia berriztagarriak eta ostalaritza sektoreei lotutako enpresa-ekimenak gidatu ditu bere ibilbide luzean.

Hastapenetan, Matienan (Bizkaia) aritu zen, taberna txiki batean, handik logistikaren mundura jauzi egin zuen eta berriro ere ostalaritza jorratu zuen; Barreirak adierazi du berehala igarri zuela “Euskadiko jendeak ekintzailetzaren, lanaren eta sakrifizioaren kemena daramala bere DNAn txertaturik”.

Eskarmentu luze-luzean oinarrituta, Jose Barreiraren ustez, “arrakasta ez da zerutik erortzen; arrakasta ahaleginaren, lanaren eta, askotan, familiari orduak kentzearen emaitza da, bai, halaber, zeregin eta negozioak partekatu ditudan hainbat eta hainbat pertsonen konfiantza eskuratzearen emaitza”.

“Erlojua daramat eskumuturrean jantzita beti, hitzorduetara garaiz iristeko, baina inoiz ez diot orduari begiratzen lanari uzteko. Eta horrek guztiak merezi izan du nire familiagatik, nire aitagatik (Goian bego), nire ama Avelinagatik, oraindik ere Atraven bizi dela, 97 urterekin. Sari bat emango zidatela azaldu nion, eta hauxe erantzun zidan: izugarri gustatzen zait euskaldunek zu maitatzea”.

Amaia Gorostiza: AURRENDARITZA

Amaia Gorostiza enpresaburuak eta Eibar Kirol Elkartearen presidenteak ere saria jaso du gaur, “Enpresaren arloan gisa nahiz futbolaren munduan darabilen kudeaketa-eredu bikainagatik, argiro erakutsi baitugu berdintasuna lorgarria dela horren maskulinizatuta dauden kirol- eta enpresa-esparruetan”.

Gurasoei, senarrari eta eguneroko bidean lagun dituen pertsona guztiei eskerrak emanez, Gorostizak saria “kide izan naizen eta orain banaizen kolektibo guztietan ezartzen saiatu naizen balioen eta giza harremanen inguruko aintzatespena” dela adierazi du.

Amaia Gorostizaren ustez, arrakastaren gakoa “pertsona zintzoez eta profesional bikainez inguratuta egotea da, eta gako hori “enpresan, futbolean eta bizitzan bertan” aplika daiteke.

“Bolada honetan bizitzen ari garen aro ezezagun, zail eta zalantzazkoa” ere aipatu du eibartarrak. Zentzu horretan, “hobekuntzari, irmotasunari, ilusioari eta beldur apur bati eragin behar diegu orain”, adierazi du, “beldurrik gabe ez baitago ausardiarik”.

Amaia Gorostizaren ustez, “elkartasuna, enpatia eta erabakitasuna dira une honetan behar ditugun osagaietako batzuk, COVIDaren eraginez pairatzen ari garen egoerari ausardiaz aurre egiteko”.

“Borrokan jarraitu behar dugu”, esan du.

Juan Antonio Urbeltz: SUSTRAIAK

Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folkloristak Marian Arregi emaztearekin partekatu nahi izan du saria. 2018ko martxoan hil zen, eta bizitza osoan Juan Antonioren nahitaezko euskarria izan zen dantza tradizionalak aztertu eta gizartera zabaltzeko. “Gure dantza tradizionaletan sakontzeko interesa piztu zidan patua, emaztearekin maitemintzera eraman ninduen bera, Carl Gustav Jung psikoanalista suitzarrak sinkronizitatea deiturikoa da. Sinkronizitatea gertatzen da arrazoi jakin bat pentsaezina denean bakarrik. Dantzarekin −eta, beraz, emaztearekin− dudan harremanak hasiera berezia izan zuen” zehaztu du.

Horrela, Urbeltzek bere eta Marianen jatorria gogoratu du, XIX. mendeko beste folklorista handi baten jatorriari lotuta, hots, Juan Ignacio Iztuetaren eta haren emazte Maria Joaquina Lintzoainen jatorriari lotuta. Dantzen ezagutzan trebatzen hasi zenean aurkitu zuen Iztuetaren irudia Urbeltzek, eta 2018an «Juan Ignacio de Iztueta y yo. Sincronicidad, Predestinación y Vínculos Acausales. Breve lectura crítica del ‘Gipuzkoako Dantzak’».

Sabino Arana Fundazioak Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik diktadura garaitik hona egindako ikerketa-lan emankorra aitortu du. Folklorea berreskuratzeko lan hori beharrezkoa da, berpiztu eta etorkizuneko belaunaldiei transmititu ahal izateko.

Bilboko Mediku Zientzien Akademia: KONPROMISOA

Eta, azkenik, Bilboko Mediku Zientzien Akademiari (2020an, 125 urte bete ditu) aitortu dio Sabino Arana Fundazioak gure osasun-profesionalen gaikuntza hobetzeko eta erakundeei aholkuak emateko egindako ahalegin apartak, azken finean, hasieran esan duguna lortzeko xedez: herritar guztiek osasun-eskubidea baliatzeko modua ematea.
Ricardo Franco presidenteak jaso du saria, Juan Ignacio Goiria eta Juan Jose Zarranz Akademiako presidente ohiekin batera.

Egungo pandemia dela eta, Ricardo Francok azpimarratu du duela hamabi hilabete baino zerbait gehiago Txinan gertatzen ari zenaren berri izan genuenetik, “osasun-sistemak aurre egin behar izan diola azken hamarkadetako osasun-erronkarik handienari, eta horri esker ikaspen baliotsuak eta mingarriak izan ditugu gure osasun-sistema hobetzeko eta etorkizunean etor daitezkeen agerraldien aurrean modu eraginkorragoan erantzuteko".

Era berean, “izurriteari aurre egiteko Euskadiko osasun-arloko profesionalek egin duten eta egiten ari diren lan eskerga” aldarrikatu du. “Bihoakiela aitorpena “horiei guztiei, gaur bertaratutakoei eta, zoritxarrez, eriondo daudenei eta dagoeneko ez daudenei”.

Azkenik, Bilboko Mediku Zientzien Akademiaren lana goraipatu du, “antolakunde zientifiko eta antzeko helburuak dituzten osasun-arloko elkarteentzako harreman-lotura den aldetik”

Jagoba Astiazaranek (txistua) eta Iñar Sastrek (pianoa) osatzen duten ARINEKETAN bikoteak bi piezaz alaitu du sari-banaketa: “Agurraz jolasean” eta “Uzturre” eta “Belauntxingoa” dantzen arteko nahastea. Bikoteak euskal doinu eta erritmo tradizionalak jotzen ditu emanaldietan, berezko sorkuntzak gehituta. Gaurko ekitaldian, gainera, Jagoba Astiazaranek Juan Ignacio Iztuetaren kopla bat kantatu du, duela 200 urte sortutakoa, Urbeltz lako maisuek gure folklorea berreskuratzeko egin duten eta egiten jarraitzen duten lanarekin ezin hobeto ezkontzen dena.

Aiert Arieta-Araunabeña kazetariak aurkeztu du ekitaldia.

PARTEKATU