Ortuzar: “Sagarduik gure babes osoa dauka: atzo azalpen guztiak eman zituen eta orain dagokigu pandemiari aurre egiteko lana egiten uztea”

EBBko presidenteak baieztatu du Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako zuzendari-kudeatzaileen jarduna “ezegokia eta onartezina” izan zela eta uste du gaitasungabetu egiten dituela EAJ-PNVren proposamenez herri kargudun izateko
28 Urtarrila | EBB

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek bere Alderdiaren babesa adierazi dio gaur Gotzone Sagardui Osasun Sailburu andreari. Sailburua atzo bertan agertu zen Legebiltzarrean, berak hala erabaki zuelako, Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako txertatze irregularrei buruzko informazioa emateko. Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek esan du “ezegokia eta onartezina” izan zela esandako osasun zentroetako zuzendari-gerenteen jokaera, jarrera hori “guztiz bateraezina da EAJ-PNVk proposatutako herri karguak betetzearekin”. Aldi berean, jeltzaleen buruak oposizioko alderdiei eskatu die Sagarduiri lan egiten utz diezaiotela eta bertan behera utz dezatela Covid-19aren pandemiaren hirugarren aldian gaudela “egun batean eta hurrengoan gai honekin paralizatuta izateko asmoa”, “gai honek ez baitu gehiagorako ematen”.

“Gogobetetzeko modukoak izateaz gain, atzo Sagarduik eman zituen azalpenak benetan gordinak izan ziren. Gardentasun osoz hitz egin zuen. Den-dena azaldu zuen, hutsegiteak, baita deskoordinazioak ere. Orain egin behar dena da berriro ez gertatzea eta aurrera egitea. Egoera konplexua da, hirugarren aldikada honetan hainbat pertsona hil dira eta ondo egongo litzateke gure osasun zerbitzuko agintariei lan egiten utziko bagenie, gainean daukaten presioari presio gehiago jarri gabe”, erantzun du Ortuzarrek atzoko agerraldiaz galdetu diotenean. Basurtu eta Santa Marinako zuzendarien txertatze irregularraz galdetu diotenean, Ortuzarrek argi bezain sendo hitz egin du. “Hutsegite larria izan da. Jarrera desegokiak eta onartezinak izan dira, ezin dira gertatu eta erabat bateraezinak dira herri karguekin. Egoerari ez diogu larritasunik kenduko, baina argitasunez eta arintasunez erantzun da. Hortik aurrera, aurrera begiratu behar dugu. Oposizioak ezin du espero gai honekin egun batean eta hurrengoan geldituta geratzea, gaiak ez baitu gehiagorako ematen. Orain garrantzitsuena da sailburuak egin behar duena egin dezala: pandemiari aurre egitea eta Osakidetzan daukagun lantalde bikain hau zuzentzea”. Ildo beretik, Ortuzarrek nahiago izan du sindikatuetako buruen kontra ez hitz egin, sindikatu batzuetako buruak era irregularrean txertatu diren arren, baina adierazi duenez “ezin dena da besteren bartzak ikustea, eta nork bere zorriak ez. Horregatik, nik denei eskatzen diet: ez baduzue lagundu nahi, ez baduzue konponbidearen edo pandemiaren kontrako borrokaren parte izan nahi, gutxienez, ez ezazue traba egin”. Gaiarekin amaitzeko, EBBko presidenteak gogora ekarri nahi izan du EAJ-PNVren Estatutuek ez diotela Alderdiaren Exekutibari aukerarik ematen txertatze irregularragatik karguetatik kendu diren zuzendarien kontrako diziplinazko neurriak abian jartzeko. “Edozein kasutan, gure alderdiak argi eta garbi ezberdintzen ditu herri kargudunen kudeaketa ona eta txarra, baita alderdikideen jokaera ona eta txarra ere. Herri kargudunak direnez, kargugabetuak izan dira eta lanpostua galdu dute. Alderdiari dagokionez, adostasuna dago, jokaera ezegoki horrek bateraezin egiten baititu Alderdiak proposatutako herri kargudun izatearekin”.

Ortuzarri galdetu diote Miquel Iceta Lurralde Politikarako ministro izendatu izanaz. “Ez dezagun gehiegi balioetsi eta ez dezagun miraririk espero, baina egia da Icetak ezaugarri on batzuk dituela gaur egun bizi duen une politikorako eta Ministerio horretarako. Soberanista izan gabe eta abertzalea izan gabe, Icetak errespetatu eta ulertu egiten gaitu horrela pentsatzen dugunok. Legealdi honetan oso garrantzitsua izango den Ministeriora doa, behingoz Estatu ereduari heldu beharko zaiolako, alderdi guztietatik pitzatuta baitago. Eta uste dut ona dela Ministerio hau periferiako pertsona batek zuzentzea, Estatua bestela ulertzen duen bat. Ez du gure erara ulertzen, baina bai era irekiago batean. Euskadiri dagokionez, Gernikako Estatutua eta bere betepena borobilduko duen ministroa izango ahal da!. Iceta abizena izanda eta bere arbasoak, bere aitaita, osabak eta izekoak eusko abertzaleak eta Euzko Alderdi Jeltzaleko alderdikideak zirelarik, uste dut polita izango litzatekeela”, amaitu du.

PARTEKATU