Bere ekimenean, Europako diputatuak azaltzen zuen SINVES‑Aquila izeneko agiriak, Guardia Zibilak gordetzen duenak, “jarduera subertsibo edo antisistemekin” zerikusia izan dezaketen pertsonei buruzko datuak jasotzen dituela. Era berean gogora ekarri du Europako Batasunaren 2016/680 Zuzentarauaren babesean (Datuen babesa zigor prozesuan), agiritegi hori soilik erabili beharko litzatekeela ondorengo helburuarekin: "Arau-hauste penalak edo zehapen penalak prebenitzea, ikertzea, detektatzea edo epaitzea, segurtasun publikoaren aurkako mehatxuen aurkako babesa eta prebentzioa barne".
Jarraian azaldu zuen bere susmoa, hau da, agiritegi horretan jasotzen diren datuak izan litezkeela “jarduera administratiboetarako iturri, E-005173/2018 idatzizko erantzun-eskaerarekin egindako galderan zehaztutakoak bezala" (Patxi Zamora kasua).
Bere erantzunean, komisarioak azpimarratu du arau-hauste penalak prebenitzeko, ikertzeko, detektatzeko edo epaitzeko datu pertsonalen tratamendurako artxibo mota horien erabilera arautzen duen zuzentarauaren arabera, "Ezin izango dira geroago helburu administratiboekin tratatu, baldin eta tratamendu hori Batasuneko edo estatuko zuzenbideak baimentzen ez badu”.