EAJ-PNVk errefuxiatu eta migratzaile guztiei erakundeen eta gizarte-eragileen lankidetza eta laguntza baloratzen ditu

Maitane Ipiñazar legebiltzarkide jeltzaleak migratzaileei eta errefuxiatuei harrera duina egiteko Eusko Jaurlaritzak martxan jarri dituen neurriak azpimarratu ditu, "Gobernu honen lehentasunetako bat pertsona guztien giza eskubideen defentsan urratsak ematen jarraitzea delako"
17 Abendua 2020 | Eusko Legebiltzarra

Maitane Ipiñazar EAJ-PNVko legebiltzarkideak euskal erakunde eta gizarte eragile guztiek errefuxiatuei eta migratzaileei ematen dieten laguntza goraipatu du, eta Eusko Jaurlaritzak Euskadin migratzaileei eta errefuxiatuei harrera duina egiteko ezarritako neurriak nabarmendu ditu. "Gobernu honek beti erakutsi du bere lehentasuna pertsonak direla, eta lehentasun horien artean dago guztien giza eskubideen defentsan aurrera egiten jarraitzea".

Legebiltzarreko taldeek –PP-C 's eta Voxek izan ezik– Erdibideko zuzenketa bat adostu dute ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean, migratzaileei arreta duina emateko Harrera Integralerako Euskal Eredua diseinatzen jarrai dadin. Eredu horrek erakundeen eta gizarte-eragileen laguntza eta partaidetza izango du, batez ere Euskadiko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetzarako Foroa.

Ildo horretan, Ipiñazarrek adierazi du Eusko Jaurlaritzak herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren eremuan jarduteko V. planean (2018-2020) eta Eusko Jaurlaritzaren Esparru Dokumentuan aurreikusitako neurriak garatzen jarraituko duela, errefuxiatuek Europan jasaten duten krisi humanitarioari ematen zaion erantzun soziala, politikoa, erakundeartekoa eta sailen artekoa modu partekatuan bideratzeko.

Zuzenketak, halaber, atzerritartasunaren arloko adituen talde bat sortzeko proposamena jasotzen du, immigrazioaren, atzerritartasunaren eta bizikidetzaren arloko eskumen autonomikoak ahalik eta gehien lortzea ahalbidetuko duen lege-esparruaren hausnarketan eta azterketan aurrera egiteko. "Migratzaileen eta errefuxiatuen harrera, arreta, integrazioa eta giza eskubideen babesa bultzatuko duela uste dugu", esan du Ipiñazarrek.

Azkenik, migrazioa kriminalizatzen duten diskurtso suntsitzaile eta arrazistak mundu osoan ugaritu direlako kezka eta gaitzespen sakona agertu nahi izan du ordezkari jeltzaleak. "2019ko abenduan egin genuen, migratzaileen eta errefuxiatuen giza eskubideak babesteko euskal sistema bat sortzeari buruz ganbera honetako gehiengoak sinatu genuen akordio batean”.

PARTEKATU