Ejertzitoaren baitan “demokraziaren baloreen kontrako jarduera guztiak ikertzea, antzematea eta desagerraraztea” exijitu dio Agirretxeak Robles Ministroari

Militar erretiratuen arteko txat antidemokratikoan adierazitakoak edo soldadu batzuek Paracuellos del Jaramako kuartelean nazien agurra egiten erakusten duten irudiak ikusita, Euskal Taldeko diputatuak Margarita Roblesi erreklamatu dio berehala “esku hartzea”
16 Abendua 2020 | Kongresua

Joseba Agirretxeak, Euskal Taldeko Defentsa gaietarako bozeramaileak Margarita Robles Ministro andreari erreklamatu dio “esku hartzea”, eta exijitu dio “demokraziaren kontrako jarduera guztiak ikertzea, antzematea eta desagerraraztea”.

Espainiako gobernuari kontrola egiteko bilkuran, Agirretxeak EAJ-PNVren kezka adierazi du militar erretiratuek txat batean egin dituzten adierazpen “antidemokratikoak”, berrikitan hedabide batek argitaratu dituenak, Felipe VI Erregeari bidali zioten eskutitza “iraganeko denborak faltan botatzen dituen alderdiaren diskurtsoa bere eginez”, eta gaur bertan ezagutu den bideoa aintzat hartuta, non hainbat soldadu ikusten diren 2019ko Inmakulada eguna ospatzen abesti neonaziak abestuz eta nazien agurra eginez.

“Halako ideologiaren zirkinik txikienak ere ezin du tokirik izan erabat demokratikoa den gizartean, are gutxiago zerbitzari publikoen aldetik, Ejertzitoko kideen aldetik”, esan du Agirretxeak. Era berean nabarmendu duenez “militarren gehiengo batek balore demokratikoek defendatzea ez da inolako `plus´ bat”.

Diputatu jeltzaleak gogora ekarri du Aitor Estebanek idatzizko galdera egin ziola iragan otsailean Espainiako gobernuari, Ejertzitoak ikerketaren bat egiteko asmorik ote zuen jakiteko, Alemaniak egin duen bezala, Ejertzitoaren baitan ideologia totalitarioaren zantzurik ote dagoen antzemateko. Agirretxeak berak azaldu duenez, erantzun bakarra izan zen “autobaieztapen-esloganen errepikapena eta ezgaitasun-erakustaldi hutsa”.

“Berdin gertatu zitzaien torturarekin, Europak lotsagarri jarri zituenean kasuak ez ikertzeagatik. Ikertu ezazue, kezkatu zaitezte, egin iezaiezue aurre eta erakutsi halako jarrerek gehien kaltetzen dituztenak militar demokrata eta profesionalak direla”, gaineratu du Agirretxeak.

Azkenik, diputatu jeltzaleak adierazi du txatetan demokraziaren aurkako iruzkinak egin dituzten eta atzo bertan 26 milioi pertsona hiltzea nahi zuten militar erretiratuak "Armadaren parte aktiboak zirela eta bizitza militarrean eragina izaten jarraitzen dutela". Horregatik Ministro andreari eskatu dio “hitzak esatea baino gehiago egitea” eta “ beste herrialde batzuen (Alemania) arintasuna eta ardura erakustea”.

PARTEKATU