EAJ-PNVren adierazpena Auzitegi Gorenak ‘Bateragune auzia‘ delakoren inguruan eman duen epaiaren aurrean

EAJ-PNVren adierazpena Auzitegi Gorenak ‘Bateragune auzia‘ delakoren inguruan eman duen epaiaren aurrean
14 Abendua | EBB

‘Bateragune auziko’ epaiketa errepikatzeko Auzitegi Gorenak aho batez hartutako erabakiaren berri izan ondoren eta beharrezko berme prozesalik gabe egin zela , eta epaituak izan ziren Arnaldo Otegik, Sonia Jacintok, Rafa Díez Usabiagak, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodríguezek ezarri zitzaien zigorra osorik bete zutela gogoan, EAJ-PNVk ondorengoak adierazi nahi ditu:

-Ezusteko desatsegina utzi digun harriduraz eta haserre hartu dugu erabaki hau; izan ere, erabaki horren arrazoibide juridikoak ez dira ezagutzera eman, baina erabakiak auzitan jarri du Espainiako Konstituzioak ezartzen duen segurtasun juridikoaren printzipioa.

-Gogora ekarri nahi dugu Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 2018ko azaroan eman zuen epaia, hau da, auziperatuei lapurtu egin zitzaiela epaiketa bidezkoa izateko funtsezko eskubidea eta horrek prozesu osoa baliogabe egiten zuela.

-EAJ-PNVk gaur berresten du Auzitegi Nazionalaren baitan prozesu hau hasi zen momentu beretik adierazi duen iritzia: zenbtzugabekeria politiko-judiziala izan zela Ezker Abertzalearen munduan den-dena ETA zela baieztatzea; hasiera hasieratik bilera askatasuna argi eta garbi urratu zela; eta horrek denak behar ez ziren oztopoak ekarri zizkiola Euskadiko bizikidetza normalizatzeko lanari.

-‘Bateragune auziaren’ dotrinaren oinarrian Alderdien Legea datza, Euzko Alderdi Jeltzaleak erabat arbuiatu zuen legea. Ez gaur, ez atzo, ez dute zentzurik izan bazterketa politikoak, ezta hautatzeko eta antolatzeko oinarrizko eskubideak mugatzeak ere, eta salbuespen horiek Estatu demokratiko oso baten mugak murriztu dituzte.

-Itxuraldatzen edo ezkutatzen lagundu beharrean, Auzitegi Gorenaren erabakiak arreta jartzen du berriro Europako instantzia gorenek Espainiako Erresumaren aurka eman dituen epai ugarietan, zeinetan akusatuei bidezko epaiketa baterako eskubidea urratu zaien edo inpartzialtasunez jardun ez den. Gaur egun, inoiz baino premiazkoagoa da Espainiako Justizia Administrazioak bere barne egiturak, funtzionamendua eta hautaketa-irizpideak sakonki berritzea, bere jardunak Giza Eskubideen defentsarako Europako estandar prozesalekin bateragarriak izan daitezen.

PARTEKATU