Desinformazioa eta “fake news” delakoak aztertzeko Euskal Taldeak aurkeztu duen proposamena babestu dute Gorteek

Segurtasun Nazionalerako Batzorde Mistoak Lantalde bat eratzeko proposamena babestu du, “errealitatea, inplikazioak, ondorioak, neurriak eta konponbideak” aztertzeko, eta fenomeno honi aurre egitera begira
Desinformazioa eta “fake news” delakoak aztertzeko Euskal Taldeak aurkeztu duen proposamena babestu dute Gorteek
10 Abendua 2020 | Kongresua

“Desinformazioaren fenomenoarekin edo `fake news´ delakoekin mehatxatzen gaituen arazoa edo kontua zein den ulertzea eta horren aurrean nola erantzun ahal dugun erabakitzea”. Hori da Mikel Legarda Euskal Taldeko diputatuak Kongresuan Lantalde berezi bat eratzea proposatzeko aldarrikatu duen xedea, Segurtasun Nazionalerako Batzorde Mistoaren babesa jaso duena. Hala, eta ekimena onartua izan ondoren, Kongresuko eta Senatuko kideek osatuko duten lantalde honek urte batean aztertuko ditu “errealitatea, inplikazioak, ondorioak, neurriak eta konponbideak”, fenomeno honi aurre egitera begira.

Hitza hartzeko izan duen tartean eta proposamenaren testuarekin ados, Mikel Legardak baieztatu du `fake news´ delakoak betidanik existitu direla, baina gaineratu duenez, fenomeno honek, “elkarbizitza demokratikoa, askatasuna eta gizartearen aniztasuna eta erakundeenganako konfiantza urratzea helburu duenak”, “larritasun berezia hartzen du IKTen eraginez jauzi kualitatiboa eman delako”.

Zentzu berean, diputatu jeltzaleak nabarmendu duenez notizia faltsuek “gizarte guztietan ematen diren haustura sozialak areagotzea bilatzen dute”, eta horren adibide argi gisa ekarri du gogora VOxek gaur bertan eta Batzorde berean eztabaidatu den ekimenaren inguruan esandakoa, immigrazio ez legala yihadismoa lotzeko ahalegina eginez. “Argudio hori behin eta berriz ateratzen da eta errealitate alternatiboa sortzen da. `Fake news´ delakoen esparrua da hori, oso fenomeno larriak eta disruptiboak gizarteentzat”.

Legardak era berean gogoratu du XII. Legealdian Batzordeak “kasualitatez” gai hori bera jorratu zuela ´Espainiako zibersegurtasunari buruzko hainbat gai aztertzeko Lantaldean´. Orain proposatzen dena, Euskal Taldeko diputatuaren esanetan da “koiunturazkoa baino, estrukturala den zerbaiten sakontzea” eta “gai horren inguruan bere dimentsio guztietan hausnartzea”.

PARTEKATU