Eva Juez: "Sexu-abusuen biktimei entzutea ezinbestekoa da haien mina konpontzeko eta prebenitzeko"

Eusko Legebiltzarrak haur eta nerabeei egindako sexu-abusuak prebenitzeko ponentzia berraktibatuko du. "Isilarazita zegoenari ahotsa emango diogu eta biktimen mina jasoko dugu, sarraski horiek berriro gerta ez daitezen", adierazi du Eva Juez legebiltzarkide jeltzaleak
Eva Juez:
02 Abendua | Eusko Legebiltzarra

Giza Eskubideen Batzordeak aho batez onartu du haur eta nerabeen sexu-indarkeria kasuak ikertzeko eta horiei erantzuteko batzorde txostengile bat eratzea. Ekimen horrek, talde guztien babesarekin, aurreko legegintzaldiaren amaieran hasitako amaitu gabeko lanei jarraipena ematea ahalbidetuko du. Hauteskunde-deialdiak eta, ondorioz, Ganbera desegiteak eragin zuten batzorde txostengilean adituen eta biktimen testigantza guztiak ez entzutea. Orain, taldeek organo hori berraktibatu dute, "Adingabeen aurkako sexu-abusuen prebentziorako, egiarako eta erreparaziorako" proposamenak egiteko. Horretarako, funtsean, adituen eta biktimen ekarpenak hartuko dira erreferentziatzat.

 Eva Juez ordezkari jeltzaleak azpimarratu duenez, "Biktimei ahotsa eman behar diegu, bestela ezingo dugu aurrera egin. Haien mina partekatu nahi dugu, eta gogor lan egin sarraski horiei aurrea hartzeko. Ikusezina dena ikusarazi behar dugu". Legebiltzarreko lantaldeak duen bidea luzea, gogorra eta mingarria dela onartu du Juezek, baina "gaitz sozial hori gure agenda politikoan jarriko dugu konponbideak bilatzeko".

 Juezek zehaztu duenez, adingabeen aurkako sexu-abusuak oso zailak dira detektatzen, eta, gainera, helduaroan desagertzen ez diren ondorio larriak uzten dituzte. "Gertaera horiek ikusarazteko eta sentsibilizazioaren, prebentzioaren eta esku-hartzearen esparruan irtenbideak aurkitzeko ahalegina egingo dugu".

 Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 2a

 

 

 

PARTEKATU