Arruabarrena: "Euskadik aurrekontu ausartak eta murrizketarik gabekoak izango ditu, zerbitzu publikoen gastua bultzatuko dutenak"

Legebiltzarkide jeltzalearen ustez, euskal aurrekontuen "babes zabala" litzateke Covid-19ak sortutako ondorioei aurre egiteko proiekturik onena, "Hezkuntzan, osasunean eta gastu sozialean egindako inbertsioen alde eginez"
02 Abendua 2020 | Eusko Legebiltzarra

Mikel Arruabarrena EAJ-PNVko legebiltzarkideak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren asmoa aurrekontu "ausartak" aurkeztea da, murrizketarik gabeak, eta –nahiz eta euskal erakundeetan diru-sarrera gutxiagoa izan-, zerbitzu publikoetarako partidak bultzatuko dituena, batez ere, hezkuntzan, osasunean eta gastu sozialean.

Hala, Arruabarrenaren ustez, EAEko aurrekontuen proiektua neurri handi batean Covid-19ak sortutako ondorioak arintzera bideratuta egongo da, "Inor atzean utzi gabe", beraz, ahalik eta babes handiena izatea positiboa izango litzateke. "Oso garrantzitsua izango litzateke ahalik eta babes handiena izatea, eta horregatik oposizioko talde guztiekin negoziatuko dugu, aurrekontuek herri proiektu bat izan behar dutelako pandemiak sortutako osasun eta ekonomia krisiari guztion artean aurre egiteko", esan du.

Horren ildotik, Arruabarrenak EH Bilduren jokabidea azpimarratu du, Estatuko Aurrekontu Orokorrei eta Nafarroako Foru Erkidegokoei babesa emanez. "Zergatik ezin dituzte hemen Euskadin aurrekontuak babestu? Iaz aurrekontu-akordio bat ixtetik oso gertu egon ginen, baina badirudi EH Bilduri beti sartzen zaiola EAJ-PNVrekin adosteko beldur eszenikoa. Aurten ere saiatuko gara, eta ikusiko dugu Bilduk aurrerapausorik ematen duen eta ausardia puntu handiagoa erakusten duen ", esan du.

Arruabarrenak EH Bilduk Madrilen duen jardun politikoa ere azpimarratu du, eta Euskadiren mesedetan lortzen den guztia, "Gutxi bada ere", ongi etorria izango dela gaineratu du. Horregatik, pozten da Bildu joko politiko horretan sartzeaz. "Ez gara sartuko ea gehiago nork lortzen duenaren jokoan, baina egia da traidoreak garela eta dilista plater baten truke saltzen garela esan izan dutela beti", gaineratu du.

GIZARTEAREN ERANTZUKIZUNA

Arruabarrenak, Eusko Jaurlaritzak Gabonei begira egindako proposamena ezagutu ondoren, euskal gizartearen erantzukizuna funtsezkotzat jo du diseinatutako neurriak eta gomendioak betetzeko, "Pandemiaren hirugarren olatu batean sartzea jokoan dugulako".

Ordezkari jeltzalearen hitzetan, garrantzitsuena erakunde guztien arteko adostasuna lortzea da, "Jarrera bateratua bilatzea", emaitza onak eta azken egunotako kutsatze beherakada mantentzeko. "Garrantzitsuena gutako bakoitzaren erantzukizuna da. Arduratsuak izan behar dugu, eta ez dugu beti legeak agintzen duenaren topera heldu behar. Bakoitzak jakin behar du zein den bere familia-egoera, eta horren arabera jokatu behar du. Gure burua zaindu behar dugu, egoerak hobera egin duen arren egoera txarrean jarraitzen dugulako", gaineratu du.

PARTEKATU